Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Urtarrilak 29

Ostegunean eta ostiralean Extremadurako Parlamentuan eginen den Autonomia Erkidegoetako Lehendakarien Konferentzian parte hartuko du Unai Hualdek

Ostegunean eta ostiralean Extremadurako Parlamentuan (Mérida) eginen den Autonomia Erkidegoetako Lehendakarien Konferentzian parte hartuko du Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek. Konferentzia autonomia erkidegoetako legebiltzarretako lehendakarien topaketa eta eztabaida gunerako erakunde-foro bat da.

 

Konferentzia ostegunean, hilak 30, hasiko da, harrera ofizial batekin. Ostiralean, hilak 31, Konferentziaren Osoko Bilkura eginen da, zeinak eginkizun baititu autonomia erkidegoetako parlamentuen funtzionamenduari buruzko informazioa eta esperientzien berri elkarri ematea eta sistema parlamentarioek aurrean dauzkaten arazoak, erronkak eta aukerak aztertzea.

 

Hartara, Osoko Bilkuran eztabaidatu beharrekoen artean daude aurtengo adierazpen instituzionala eta Konferentziak 2020rako lehendakaria hautatzea.

 

Unai Hualdez gain autonomia erkidegoetako beste hamaika lehendakarik ere parte hartzea aurreikusten da. Zehazki, bertan egonen dira Extremadurako Parlamentuko lehendakari Blanca Martín; Kanariar Uharteetako Parlamentuko lehendakari Gustavo-Adolfo Matos; Andaluziako Parlamentuko lehendakari Marta Bosquet; Asturiasko Printzerriko Batzar Nagusiko lehendakari Marcelino Marcos; Murtziako Parlamentuko lehendakari Alberto Castillo; Valentziako Gorteetako lehendakari Enric Xavier Morera, eta Aragoiko Gorteetako lehendakari José Javier Sada.

 

Konferentzian orobat egonen dira Gaztela-Mantxako Gorteetako lehendakari Pablo Bellido; Balear Uharteetako Parlamentuko lehendakari Vicenç Thomàs; Madrileko Parlamentuko lehendakari Juan Trinidad, eta Gaztela-Leongo Gorteetako lehendakari Luis Fuentes.