Noiz argitaratua Ostirala, 2016.eko Otsailak 5

Ostiral honetan Parlamentuak osoko bilkura monografikoa eginen du enplegua sustatzeari buruz

Eledunek 20ko minutuko txanda bana izanen dute eta bost ebazpen proposamen aurkeztu ahal izanen dituzte gehienez, eta Gobernuak ere jarrera hartu ahal izanen du

PSN parlamentu-taldeak eskaturik, Nafarroako Parlamentuak ostiral goizean (09:30) eztabaida monografikoa eginen du: Nafarroako enpleguaren egoeraren, sustapenaren eta sorreraren azterketa. Sail bateko bigarren eztabaida da. Lehenbizikoa, Herritarrek esparru ekonomikoan, sozialean eta politikoan erabakitzeko eskubidea eta parte-hartzea izenekoa, EH Bilduk sustatu zuen, eta laster ekinen zaio Gizarte politiken egoera eztabaidatzeari PPNk eskatuta.


Mahaiak onetsitako arauei jarraituz, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, PSN parlamentu-taldeko eledunak emanen dio hasiera eztabaidari, talde horrek proposatu baitu monografikoa. Gehienez 20 minutuz hitz eginen du.


Jarraian gainerako parlamentu-talde eta parlamentari elkarteetako eledunek jardunen dute, horiek ere 20 minutuz gehienez. Eserleku kopuru handiena duen taldea izanen da lehena eta eserleku gutxien dituen taldea azkena.


Txanda hori bukatutakoan Nafarroako Gobernuaren ordezkari batek hitz egin ahal izanen du eztabaidagaiei buruzko bere jarrera azaltzeko, 20 minutuz.


Eztabaida amaitu eta gero, bilkuran ordubeteko etenaldia eginen da, ebazpen proposamenak aurkez daitezen Mahaiaren aurrean. Talde bakoitzak gehienez bost ebazpen proposamen aurkeztu ahal izanen ditu. Proposamenen baterako defentsa eginen da 10 minutuz, gehienez ere, handienetik txikienera. Gainerako taldeek aurkeztutako proposamenei buruzko iritzia ere azaldu beharko dute eledunek.


Eztabaida amaitu ondoren, ebazpen proposamenen bozketa eginen da.