Parlamentuak “Artista nafarren Bidearen gaineko begirada” erakusketa inauguratu du, Nafarroako Kazetarien Elkarteak sustatua
Azaroaren 4ra arte egonen da ikusgai, eta xede du Donejakue Bidearekin erlazionaturiko Foru Komunitatearen ondare historikoa ezagutarazi eta balioan jartzea
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Artista nafarren Bidearen gaineko begirada erakusketa inauguratu du gaur, Kazetarien Elkarteak sustaturik, helburu duena ohargarri diren pintore eta eskultore garaikideen multzo baten obra argitaragabea ezagutaraztea, Donejakue Bideak Foru Komunitatean zehar dituen zenbait aurkintzari buruzkoa.
Unai Hualderen esanetan, erakusketak nabarmentzen du "gure artistek Donejakue Bidea erretratatzeko eta haren inguruan artea sortzeko izan duten interesa. Begien aurrean elkarlotura bat dugu, Bidea bera baino gehiago kulturen, ideologien, hizkuntzen eta interesen nahasketa paregabea den ibilbide bati uztarturiko bizipenena eta irudiena. Hori guztia dugu Bidea, turismo jasangarri bilakatua. Erromesak etortzen berriro ikustea pozgarria da alajaina, eta suspertzearen seinale ona".
Hori horrela, eta Donejakue Bideak batez ere Donejakue Urtean izan ohi duen eragin "historiko, kultural eta ekonomikoa" azpimarratu ondoren, lehendakariak nabarmendu du "hogei artista hauek gure udaletan eta gure ondare historikoan pausatzen duten so" berezia. Aurretik, dena den, ez du oroitarazi gabe utzi uztailean Orreagan egin zen ekitaldi instituzionalaren itzala, Errioxa, Euskadi, Gaztela eta Leon, Kantabria, Asturias eta Galiziarekin batera egina, horiek izanik Bideak zeharkatzen dituen gainerako autonomia erkidegoak.
Unai Hualdek amaitu du eskerrak emanez beren obrak laga dituzten artisten "interesa"gatik eta Nafarroako Kazetarien Elkarteak Parlamentuarekiko lankidetzarako agertu duen prestasunagatik, oraingoan ere Donejakue Bidea proiektatzeko, duela urtebete bezala. "Espero dut asko izatea lan hauen bidez paisaiak eta herriak ezagutzeko modua izanen duten pertsonak".
Jarraian, Nafarroako Kazetarien Elkarteko lehendakari eta Donejakue Bideko Kazetari Elkarteen Ligako lehendakari ohi Patxi Pérezek erakusketaren edukia deskribatu du, esanez horren bidez haien nahia dela "gure kulturaren gorespenari eta dibulgazioari laguntzea, bertako artistei ahotsa emanez. Haien margolanek aukera ematen digute Nafarroa Vianatik Luzaideraino zeharkatzeko. Erakusketa hau ibiltaria da, eta gure herrien turismo-garapenerako beste pizgarri bat izanen da".
Azkenik, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakasle emeritu eta Zuzenbidean doktore den Pedro Lozano Bartolozzik adierazi duenez, erakusketa hau "pintore- eta eskultore-talde hautatu baten ibili estetikoaren fruitua da. Obra-galeria honen ikustaldia egitea Compostelaranzko ibilaldia egiteko beste modu bat da. Argi ibili, ez ote diren margolanak hormetatik jaitsi eta ibiltzen hasiko".
"Artista nafarren Bidearen gaineko begirada" erakusketa 29 margolanek eta 7 eskulturak osatua da; horietako batzuk, okasio honetarako berariaz eginak. Hogei artista ingururen obrak dira. Erakusketa Parlamentuaren egoitzaren atalondoan egonen da ikusgai azaroaren 4ra arte, 15:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera (osteguna ezik). Larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.
Hona hemen ikusgai dauden artisten zerrenda: Faustino Aizkorbe, Ricardo Baroja, Francis Bartolozzi, Jaime Basiano, Jesús Basiano, Javier Ciga, Carlos Ciriza, Alfredo Díaz de Cerio, Arturo Gracia, Antonio Laita, Jesús Lasterra, Pedro Lozano de Sotés, Ana Mari Marín, Juan Carlos Pikabea, Florentino Fernández Retana, Narciso Rota, Pedro Salaberri, Cesáreo Soulé, Miguel Javier Urmeneta e Inés Zudaire.
Ohi bezala, erakusketa hau Kultur Atrio programan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak sustatua bere ateak kulturari eta artistei irekitzeko eta babesa emateko.
Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, Parlamentuko bigarren lehendakariorde Yolanda Ibáñez, lehen idazkari Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren idazkari Maiorga Ramírez, Isabel Olave (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu) eta Marisa de Simón (I-E).