Parlamentuak 1978ko Sanferminetako gertakarien inguruan aurkeztutako kereila kriminalarekiko babesa egiaztatu du
‘Sanfermines-78 Gogoan’ Elkarteak bultzatutako auziari Legebiltzarrak babesa ematen dion ebazpenaren kopia bat bidali dio Unai Hualdek Servini epaileari
Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Buenos Aireseko Auzitegi Federaleko María Servini epaileari 2019ko martxoaren 14an ospatutako Osoko Bilkuran onetsitako ebazpenaren kopia ziurtatua bidali dio, urtarrilaren 22an Sanfermines-78 Gogoan! Elkarteak, 1978ko jaietan jazotako gertaerek kaltetutako beste pertsona batzuekin batera, aurkeztutako kereila kriminalari babesa emanez.
Parlamentuko Lehendakariak, hala, aipatu elkarteak egindako eskaera bete du, “1978ko Sanferminetako gertakariak ustez gizateriaren aurkako krimen izanagatik” irekita dagoen auzian “aintzat har dadin”. Kereilak orduan Barne Ministro zen Rodolfo Martín Villa jotzen du erantzuletzat, datorren abenduaren 11n deklarazioa egitera deitua.
Martxoaren 14ko Osoko Bilkuran onetsitako eta Servini epaileari igorritako ebazpenak hala dio:
1.- Legebiltzarrak aldeztu egiten du Sanfermines 78 Gogoan! elkarteak eta 1978ko sanferminetako gertakariek zuzenean ukitutako beste zenbait pertsonak (Germán Rodríguezen senitartekoak, balaz zauritutakoak...) 2019ko urtarrilaren 22an aurkeztutako kereila kriminala.
2.- Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio kereila hori aldeztu dezan eta kereila horri bere atxikimendua adierazteko aukera gogoan har dezan.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek aurkeztutako ebazpena PSNren babesarekin onetsi zen, UPN eta PPNk berriz aurkako botoa eman zuten.