Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 14

Parlamentuak 1978ko sanferminetan izandako gertakarien inguruan aurkeztutako kereila kriminala babestu du

Foru Exekutiboari eskatzen zaio gertakari haiek argitzeko eta erantzukizunak bilatzeko helburua duen auziarekin bat egin dezan

Parlamentuko Osoko Bilkuran ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak “aldeztu egiten du Sanfermines 78 Gogoan! elkarteak eta 1978ko sanferminetako gertakariek zuzenean ukitutako beste zenbait pertsonak (Germán Rodríguezen senitartekoak, balaz zauritutakoak...) 2019ko urtarrilaren 22an aurkeztutako kereila kriminala”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “kereila hori aldeztu dezan eta kereila horri bere atxikimendua adierazteko aukera gogoan har dezan”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Iruñeko Udalak “1978ko sanferminetan hirian izandako gertakariak aztertzeko eta erantzukizunak argitzeko batzordea sortzeko” erabakia hartu zuenetik eman dituen pausuak laburbiltzen ditu, eta bere egiten du urtarrilaren 22an aurkeztutako kereilak oinarritzat duen irizpena.

 

Sustatzaileek Foru Exekutiboari “kereilaren mamia ikertzeko” gonbidapena luzatzen diote, Iruñeko Udalak egin zuen bezala “78ko Sanferminetan gertatutako Giza Eskubideen urraketak mugarritzeko saiakerara” batuz, gertakariak Iruñeko hirian gertatu baziren ere, “luzaz gainditu baitzuten hiriaren esparru geografikoa”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak 2018ko urtarrilaren 18an onartutako ebazpena gogorarazten da, non Estatuari eskatzen baitzaio “1978ko sanferminetan gertatutakoarekin zerikusia duten gai, egintza, agiri, informazio, datu eta objektu guztiak desklasifikatzeko”.