Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez, adierazten du ez dagoela ados inondik ere Auzitegi Nazionalaren epaiarekin, Altsasuko gazteei ezarritako zigor gogorrak berresten dituelako
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko martxoaren 11n
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du ez dagoela ados inondik ere Auzitegi Nazionalaren epaiarekin, Altsasuko gazteei ezarritako zigor gogorrak berresten dituelako. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak erabateko desadostasuna adierazten du Auzitegi Nazionaleko Apelazioen Aretoaren epaiarekin, ezarritako zigor gogorrak berresten dituelako eta kasu honen inguruan izan den desproportzioan sakontzen duelako. Halaber, ezinbestekotzat jotzen du justizia eta proportzionaltasuna gailentzea Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoaren ebazpenean.
2. Nafarroako Parlamentuak berriro salatzen ditu zenbait sektore politikok eta mediatikok Altsasuko herriari eragindako eta oraindik ere eragin nahi dizkioten instrumentalizazioa eta manipulazioa, eta errefusatu egiten ditu behargabeko eta tentsio giroa eta benetakoa ez den Altsasuko bizitzaren irudi bat sortzea xede duten jarrera eta jarduketak.
3. Nafarroako Parlamentuak babes osoa agertzen dio Altsasuko herriari eta bertako bizilagunei aitortzen die bi urte hauetan izan duten jarrera zibiko eredugarria bizikidetzaren, normalizazioaren, justiziaren, proportzionaltasunaren alde, eta dei egiten die bide horretan lanean jarrai dezaten. Horrekin lotuta, herritarrei dei egiten die parte har dezaten Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek heldu den matxoaren 24an Altasun deituriko manifestazioan”.