Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Urriak 1

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez aintzat hartzen baitu euskara batuak euskararen historian eta normalizazioan izan duen garrantzia

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko urriaren 1ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen baitu euskara batuak euskararen historian eta normalizazioan izan duen garrantzia. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak; Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak bigarren puntuaren aurka bozkatu dute, eta abstenitu egin dira lehenengoan eta hirugarrenean; Nafarroako Alderdi Sozialistak, berriz, lehenengo eta hirugarren puntuen alde bozkatu du eta bigarrenean abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen du euskara batuak euskararen historian eta normalizazioan izan duen garrantzia; izan ere, ezinbesteko tresna izan da euskara bizitza sozialaren esparru asko eta askotara hedatzeko.

 

- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen ditu eta azpimarratu egin nahi ditu euskara batuak euskararen etorkizunean eta garapenean izan behar duen garrantzia eta zeregina, eta berretsi egiten du batuaren erabilerak zer-nolako balioa duen gizartearen esparru orotarako, hainbestekoa non ezinbestekoa bilakatu baita hizkuntzaren normalizazio prozesurako.

 

- Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen ditu eta eskertu egin nahi ditu Euskaltzaindiak egindako bidea eta lan akademiko eta historikoa; eta une honetan preseski eskerrak eman nahi dizkio euskararen batasunari begira egindako lanagatik eta ekarpenagatik”.