Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Ekainak 4

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez ez baitator bat Auzitegi Nazionalaren lehen sekzioak Altsasu kasuan emandako epaiarekin

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko ekainaren 4an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua ez baitator bat Auzitegi Nazionalaren lehen sekzioak Altsasu kasuan emandako epaiarekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, eta Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak aurka bozkatu dute. Nafarroako Alderdi Sozialistak laugarren puntuaren alde eta lehenengo, bigarren, hirugarren eta bosgarren puntuen aurka bozkatu du.

 

“1. Nafarroako Parlamentua ez dator bat Altsasuko herrian 2016ko urriaren 15ean izandako gertakari triste eta tamalgarriak –sekula ere gertatu behar ez zirenak– ikertu eta epaitu dituen prozesu judizialean Auzitegi Nazionalaren lehen sekzioak emandako epaiarekin, hain dira neurrigabeak ezarritako zigorrak. Neurrigabetasun hori prozesu judizial osoan zehar eman da, gertakariak terrorismo-delitu gisa kalifikatu zirenez geroztik eta Auzitegi Nazionalak ikertu, epaitu eta zigortu dituenetik. Parlamentu hau beti azaldu da irmo horren aurka. Arbuioa azaldu dugu orobat enkausatutako pertsonetatik hiruri prebentziozko espetxealdia aplikatu zaielako, uste baitugu ez dagoela horretarako lege-arrazoirik. Hori dela-eta, kondenatutako pertsonak espetxean ez sartzea eskatzen dugu, harik eta bide judizial guztiak agortu arte.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du orain arte izandako jarrera; halatan, gertakariak Nafarroako Probintzia Auzitegiak ikertu, epaitu eta, kasua bada, kondenatu behar zituela uste dugu, ezen ez Auzitegi Nazionalak; izan ere, auzitegi horrek bere gain hartu zuen eskumena, eta Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen, gertakariak izaera terroristako ustezko delitu gisa kalifikatu zirelako, baina kalifikazio hori azkenik baztertu egin du auzigai dugun honako epai honek.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, presio politikoak eta mediatikoak eragin dute gertakariekiko erabat neurrigabeak diren zigorrak ezartzea. Presio horren eraginez, gertakari horiek izaera terroristako ustezko delitu gisa kalifikatu dituzte, eta egoera exageratu eta neurriz kanpokora heldu gara, zigorraren neurri hori normalean ez baita aplikatzen gisa bereko egoeratan Estatuko beste leku batzuetan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak bere prestutasuna adierazten du Nafarroako udalerri guztietan bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egiteko eta Altsasuko bizilagunei bide beretik lan egiteko deia luzatzen die, eta 2016ko urritik gaur arte kasuaren trataera mediatikoaren aurrean erakutsi duten gizabidezko jarrera aitortu die.

 

5. Nafarroako Parlamentuak bere borondatea adierazi du kasu honetan JUSTIZIA egin dadin, eta herritarrei Altsasu Gurasoak Kolektiboak datorren ekainaren 16an Iruñean antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die.