Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez, Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko martxoaren 25ean
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du, eta bere egiten du “Hezkuntza aldezten dugu, munduari eusten diogu” goiburua.
- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak Garapenerako Laguntza Ofiziala % 0,7koa izatearen konpromisoa berreskura dezaten, eta gutxienez ere horren % 8 bidera dezaten hezkuntzara. Laguntza hori funtsezkoa da giza eskubideak sustatzeko eta mundu osoan garapen jasangarria lortzeko. Guztiontzako kalitatezko hezkuntzarik gabe ez dago garapen jasangarririk.
- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da eskola-curriculumetan ingurumenaren jasangarritasunerako hezkuntza sar dadin, bai Espainian bai herrialde txirotuetan, lankidetzarako gure politiken bidez.
- Nafarroako Parlamentuaren ustez, ezinbestekoa da Administrazio Publikoek ingurumenaren nahiz gizartearen jasangarritasuneraren arloko prestakuntza-proiektuak –hezkuntza erkidego guztiei bideratuak– sustatzea eta finantzatzea.
Beharrezkoa da, halaber, ikastetxeen “kudeaketa berdea” indartzea, hezkuntza-sektorea eta administrazio publikoak ingurumenaren kudeaketaren eredu izan daitezen.
- Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak neurriak har ditzaten jasangarritasun soziala bultzatzeko, ekitatea lortzea, pobrezia desagerraraztea eta pertsona guztiek hazkuntza ekonomiko jasangarria baliatzea bilatzeko.
- Nafarroako Parlamentuk bere konpromisoa adierazten du 2030eko Agendaren helburu guztiak –bereziki, hezkuntzaren arlokoak– finantzatzeko behar adinako aurrekontu bat bermatzeko Nafarroan, halako moduan non Garapenerako Laguntza Ofizialak krisia baino lehenagoko aurrekontuak berreskuratuko baititu eta hezkuntzan eginiko gastu publikoa hobetuko baita.
- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak konpromiso horiekin eta 2030eko Agendaren helburuen garapenarekin bat egitea eta 2019an apustu irmoa egitea Garapenerako Laguntza Ofizialean % 0,7ko inbertsioa berreskuratzeko.
- Nafarroako Parlamentuak dio kalitatezko hezkuntza inklusibo baterako eskubidea defendatzean Garapen Jasangarriko Helburuen 2030eko Agendan ezarritako xedeak bete daitezen laguntzeaz gain mundua eta gizartea bizigarriagoak izan daitezen lortzen dela”.