Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Urriak 29

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez kezka adierazten baitu ultraeskuina mundu osoan gora egiten ari delako

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko urriaren 29an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak kezka adierazten baitu ultraeskuina mundu osoan gora egiten ari delako. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Geroa Bai eta PSN abstenitu egin dira, eta UPNk eta PPNk ez dute bozketan parte hartu.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Kezka adierazten du ultraeskuina mundu osoan gora egiten eta hedatzen ari delako, eta errefusatu egiten du demokrazia eragozten duen sistema kapitalistak elikatzen duen faxismoa.

 

2. Uste du Dilmaren aurkako kolpearen edo Lula da Silva espetxeratzearen aitzinean nazioarteko erkidegoak erreakzionatu ez izanak erraztu egin duela Bolsonaroren garaipena eta, horrenbestez, herrialdean demokrazia murriztea, eta nazioarteko erkidegoa premiatzen du lehendakari berriari exigi diezaion sistema demokratikoa eta herritar guztien giza eskubideak zorrotz errespeta ditzan.

 

3. Elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie Brasilen gaurgero erresistentzia demokratikoa baliatuko dutenei; batik bat, Langileen Alderdiari.

 

4. Errefusatu egiten ditu Latinoamerikako herrialde desberdinei egiten zaizkien etengabeko erasoak, Estatu Batuek sustatutako eta EBren isiltasun konplizea izan duten kanpo politiken bitartezkoak, zeinen helburu bakarra baita dinamitatzea herrialde horien emantzipazio prozesuak, kontra egiten diotenak interes politiko eta ekonomiko oso garrantzitsuak baina kasuko herrialdearen kontrakoak aldezten dituzten transnazionalen eta nazioarteko sektoreen espoliazioari”.