Parlamentuak Administrazio Elektronikoaren Batzordea eratuko du, Ganberaren kudeaketa-eredua eraldatzeko
Harreman telematikoa bultzatzea eta barne-funtzionamendua espedientera eta dokumentu elektronikora egokitzea legealdi honetako lehentasunak dira
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak Administrazio Elektronikoaren Batzordea eratzea onetsi du gaur. Ganberaren egungo kudeaketa-eredua eraldatzeko diseinatutako ibilbide-orriaren gauzatzea koordinatu eta ikuskatuko du batzordeak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaintzen dituzten irtenbide guztiak baliatuz. Izan ere, gaur egungo kudeaketa paperezko dokumentazioan eta aurrez aurreko transakzioetan oinarrituta dago.
Administrazio elektronikoaren eta harreman telematikoaren ereduranzko ibilbide horrek Legebiltzarreko kudeaketaren esparru guztiei eragiten die, baita ikuspegi juridikoari eta barne-antolamenduari ere, eta horrek Ganberaren egitura osoan duen eraginaren zeharkakotasunarekin bat datorren plangintza eskatzen du.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen eskakizunei jarraituz, aholkularitza-enpresa espezializatu batekin lankidetzan egindako ibilbide-orrian jasotako zeregin guztiak sustatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko plangintza-lanei ekin zaie.
Administrazio Elektronikoaren Batzordearen buru Parlamentuko Idazkaritza Nagusiko arduraduna izango da, eta bertan parte hartuko dute zerbitzu guztietako buruek, bigarren abokatu batek eta sistema informatikoetako eta administrazio-kudeaketako teknikari banak. Ohiko izaeraz, bi hilean behin bilduko dira, eta erabakiak gehiengoz hartuko dira.
Administrazio Elektronikoa ezartzea da Foru Parlamentuko gobernu-organoak legealdirako ezarritako helburuetako bat. Barne-funtzionamendua espedientera eta dokumentu elektronikora egokitzea eta parlamentariek eta herritarrek erakundearekin duten harreman telematikoa bultzatzea dira helburuak, arreta modernizatzeko eta hobetzeko asmoz.
Horretarako, prozesuak sinplifikatu eta interakzio digitala erraztuko duen administrazio irisgarri, garden, hurbil, efiziente eta eraginkorraren aldeko apustua egiteko, batzordeak urtero handitu beharko ditu ibilbide-orrian aurreikusitako jarduketa bakoitza ezartzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eskakizunak.