Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Apirilak 16

Parlamentuak Aldeas Infantiles erakundearen Osoko Bilkura egin du, Martzillako eta Iruñeko ikasleek parte hartuta

Unai Hualde buru, eta talde parlamentarioetako ordezkari batzuk bertan zirela, desparekotasunak murrizteari eta hiri jasangarriei buruzko proposamenak aurkeztu eta aukeratu dituzte.

Parlamentuko lehendakari Unai Hualde, Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimeno eta Aldeas Infantiles SOS erakundearen zuzendari nagusi María del Mar Líndez Parlamentuko osoko bilkuren aretoan izan dira gaur, haur diputatuen bilkura batean, non haurrek proposamenak eztabaidatu eta adostu baitituzte 2030 Agendarekiko erantzukizunaren balioa sustatzeko eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak nola lortu hausnartzeko. Aurten honako xede hauek izan dira lortzekoak: herrialdeetako eta herrialdeen arteko aldeak murriztea (10. GJH) eta hiri nahiz komunitate jasangarriak eratzea (11. GJH).

 

Egun batez diputatu ekitaldia Besarkatu zure balioak hezkuntza programaren barruan dago. Programa horretan egiten dute lan Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 30 ikastetxetako 3.000 ikasle.

 

Gaurko saioan Martzillako San Bartolomé eta Iruñeko San Juan de la Cadena ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 68 ikaslek parte hartu dute, eta Nafarroako ordezkariak egon ohi diren lekuetan eseri dira.

 

Aldeas Infantiles SOS erakundeko Prentsako buru Gracia Escuderok bideratu du saioa, eta, horrez gain, parlamentari hauek ere bertaratu dira: Ángel Ansa (UPN), Arantza Biurrun (PSN), Eneka Maiz (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).

 

Ongi etorria emateko hitzaldian, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek azpimarratu du zeinen baliotsua den ekitaldi “tradizional” hori antolatzea, ikasleei aukera ematen baitie Parlamentua ezagutzeko eta “zeharo garrantzitsuak diren Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuetara hurbiltzeko”. Nafarroako Parlamentuak, hain zuzen “konpromiso argia” du helburuokin. Eskerrak eman ditu lehendakariak Aldeas Infantiles erakundeak gauzatutako egitekoagatik eta irakasleen inplikazioagatik, eta, horren ostean, adierazi du lanean jarraitu behar dela “pobreziari amaiera emateko, desparekotasunak murrizteko eta bakea eta justizia lortzeko”.

 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok zorionak eman dizkio Aldeas Infantilesi eta fokua hezkuntzan jarri du, adierazteko hura dela “aurrerapen indibidual nahiz kolektiboaren faktorerik garrantzitsuena. Demokraziaren balioa aniztasunean eta pluraltasunean datza, eta kalitatezko hezkuntza ekitatiboak xede du pertsona guztiak barnean hartzea eta inor ez uztea atzean. Hori da hezkuntzaren eta talde politiko ororen xedea: desparekotasunak gutxitzea”.

 

Jarraian, Aldeas Infantiles SOS erakundeko zuzendari nagusi elkartu María del Mar Líndez andreak hartu du hitza, eta eskerrak eman ditu “proiektu honetan urte baino gehiago daramatzagulako laguntzen. Proiektuaren bidez, ikasleei proposatu nahi diegu gogoeta egin dezatela orainaldia bizitzeko eta etorkizuna eraikitzeko bitartekoak diren balioen inguruan”. Ildo horretan, bertaratutako ikasleei gomendatu die balioak beren esku dauden keinu txikien bidez entrenatzea, “ezinezkoa baita mundu hobea eraikitzea gizartea ez bada heziagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa”.

 

San Bartolomé ikastetxearen izenean, eledun izan dira Sofía Jiménez eta Iker Navarro, eta San Juan de la Cadena ikastetxetik parte hartu dute Lucía Ibáñez eta Aitor Loreak. Lau eledunek hamabi konpromiso aurkeztu dituzte eta bozkatzeko txanda ireki da. Haur diputatu guztiak banan-banan pasatu dira boto-ontzitik, nork bere aukera egiteko.

 

Ikasleentzat zaila izan da konpromiso bakar bat aukeratzea eta, hainbat puntutan boto berdinketa egon denez, aukeratutako helburuek bi ikastetxeek egindako hainbat proposamen jaso dituzte:

 

“Konpromisoa hartzen dugu ikasgelan lan egiteko eta jolastokirako talde mistoak egiteko, inor kanpoan utzi gabe.

 

Konpromisoa hartzen dugu orori nahi duten jolasetan aritzeko; berdin dio neska ala mutil izan.

 

Konpromisoa hartzen dugu gure ikasturteko eta gurea baino arinagoko ikasturteetako ikaskideei laguntzeko eskolako lanetan, guztiok aukera berberak izateko ikasteko eta elkarrekin hazteko.

 

Konpromisoa hartzen dugu “miniirakasle” arduradunen taldeak sortzeko, jolastokia garbiago egon dadin.

 

Konpromisoa hartzen dugu gatazkak konpontzeko eremuak sortzeko, ikastetxe hobe bat izateko.

 

Konpromisoa hartzen dugu eskolan birziklatzea, murriztea, berrerabiltzea eta berreskuratzea sustatzeko, eta eskolako ortuko baliabideak aprobetxatzeko.

 

Konpromisoa hartzen dugu jolastokian zuhaitzak landatu eta zaintzeko, ikastetxeko berdeguneak areagotzeko eta eskolako ortuko baliabideak zaindu eta aprobetxatzeko”.

 

Nafarroako Parlamentuan egindako haurren osoko bilkura horren bitartez, Aldeas Infantiles SOSek ikasturte honetarako Egun batez diputatu ekitaldia egin du, eta autonomia erkidegoetako parlamentu guztietan eginen du. Ekimen horren bidez sustatu nahi da haurrek gizartean parte hartzeko duten eskubidea.

 

Aldeas Infantiles SOS haurrei laguntzeko nazioarteko erakunde pribatua da, irabazi asmorik gabekoa, konfesio artekoa eta orientazio politiko orotatik independentea. 1949an sortu zen Austrian, eta 138 herrialdetan dago.

 

Haurraren garapenean jartzen du arreta, harik eta beregain izan eta gizartean ondo integratuta egon arte. Familia kalteberak indartzeko lan egiten du, seme-alabak behar bezala zaindu ahal izan ditzaten; gurasoen zaintzarik gabe gelditu diren haurrak babesten ditu, familia-ingurune babeslea eskainiz maitatuak eta errespetatuak sentitzeko, eta gazteei heltze eta independentzia prozesuan laguntzen die.