Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 22

Parlamentuak Aldeas Infantiles SOS erakundearen ‘Egun batez diputatu’ osoko bilkura egin du

Cadreitako eta Iruñeko ikasleak protagonista izan dira Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko itxaropenari eustearen balioaren inguruko osoko bilkuran

Cadreitako Teresa Bertrán de Lis eta Iruñeko San Juan de la Cadena ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 68 ikaslek gaur osoko bilkura egin dute Legebiltzarraren egoitzan, eta hausnartu dute zein garrantzitsua den itxaropenari eustea Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuetatik (GJH) hiru lortzeko ahaleginean: osasuna eta ongizatea (3. GJHa), lan duina eta hazkunde ekonomikoa (8. GJHa) eta helburuak lortzeko aliantzak (17. GJHa).

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek egin die ongietorria ikasleei ‘Egun batez diputatu’ ekitaldian. Haurrek gizartean parte har dezaten sustatzea helburu, Aldeas Infantiles SOS erakundeak 2008. urteaz geroztik antolatzen du jardunaldi hori.

 

Hasierako hitzaldian, Unai Hualde eskola-umeei zuzendu zaie Legebiltzarrak Garapen Jasangarrirako Helburuen alde hartu duen konpromisoa helarazteko. Konpromiso hori Parlamentuaren egintzetan eta bilkuretan islatzen da, hala nola Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Itunean. Gizarte Erakundeen Plataformarekin batera sinatu zen hori iaz, eta 2030era arte garatuko da.

 

“Ordezkari publikoon betebeharra da helburu horiek babestea, pobrezia ezabatzeko, desberdinkeriak murrizteko eta bakea eta justizia lortzeko, baina, gainera, zabalkunde lana egin behar dugu, Nafarroako gizarteak helmuga horiek ezagut ditzan”.

 

Hala, Aldeas Infantiles SOS bezalako erakundeek egiten duten lana eta irakasleen ahalegina eskertu ondoren, lehendakariak aipamena egin die “pandemiak osasunean, gizartean eta ekonomian” izandako eraginari eta Errusia Ukrainan egiten ari den inbasioari, eta “bakerako, gerra odoltsu honi amaiera emateko deia” egin du. “Politikaren gainetik, interes ekonomiko eta geopolitikoen gainetik, giza eskubideek egon behar dute”, erantsi du.

 

Amaitzeko, Hualdek Egun batez diputatu ekimenaren balioa nabarmendu du. “Ekitaldi garrantzitsua da gure erakundearentzat, haurrak Parlamentua ezagutzera ekarri ditugulako, eztabaidaren bidez hurbiltzera parlamentarion eguneroko zereginetara, eta, aldi berean, ikasleok esateko daukazuena entzuteko aukera dugulako”, azaldu du.

 

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak zoriondu egin du Aldeas Infantiles erakundea, eta hau esan du, ikasleei zuzenduta: “zuengan jarrita daukagu gaur itxaropen handiena, zuek hartuko duzuelako konpromisoa guztion artean erabakitzen duzuena betetzeko”.

 

Ukrainako haurren egoera gogora ekarri eta “elkartasunean, justizian eta bakean” oinarritutako EBren balioak azpimarratu ondoren, Gimenok esan du gerratik ihesi datozen pertsona guztiei lagundu behar zaiela, eta hau eskatu die ikasleei: “iristen zaigun oro hartu, lagun egin eta zuen arteko bat bilaka ezazue”.

 

Pedro Puig Aldeas Infantiles erakundeko lehendakariak esan duenez, “ikasturte honetan ikasgelak itxaropenaren balioaz bete dira pandemiaren ondorioetatik suspertzea lor dezagun. Urte oso gogor bat bizi ondoren ohartu gara balio handia dutela gai garrantzitsu batzuek, hala nola osasunak, lanak edo aliantzek. Txikienek ikusi dute nola gaixotasun batek aldatu duen ezagutzen zuten mundua, nola eragiten dion lanari eta nola konponbideen bila herrien arteko batasuna funtsezkoa izan den eta oraindik ere baden”.

 

Puigek esan du horrelako ekitaldiek garrantzi handia dutela parlamentariek ikasleei entzun diezaieten, eta hau gehitu du: “COVID-19aren inpaktutik suspertu beharra dugu, baina bi urte hauetako ikasbideak ahaztu gabe”.

 

Jarraian, Parlamentuko lehendakariak hasiera eman dio bilkurari, eta Leyre Pejenaute Segura eta Irati Castillejo López eledunak izan dira lehenak beren hitzaldia ikasgelatik irakurtzen. Cadreitako Teresa Bertrán de Lis ikastetxeko ikasleak dira, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoa eta 5. mailakoa, hurrenez hurren.

 

Leyre Pejenaute Segurak gerraren amaiera ikusteko itxaropenean oinarritu du bere azalpena: “Itxaropena behar dugu COVID-19a amaitu eta dena lehengora itzuliko dela pentsatzeko, eta itxaropena behar dugu, jakina, mundu hobea lortzeko. Itxaropenarekin eta guztiok ahal dugun apurra eginda, gauza asko hobetu litezke: ingurumena, gerrak, gaixotasunak, etab. Itxaropena zure baitan dago”.

 

Irati Castillejo Lópezek esan du garrantzitsua dela “elkarrekin lan egitea xede bera lortzeko, COVID-19aren pandemiarekin eta orain Ukrainako egoerarekin gertatu den bezala: itxaropenak lagundu egin zigun itxialdian, sekula ez genuen galdu, beti jakin genuen hobera eginen genuela eta berriz besarkatuko genituela senide eta lagunak. Orain gure eginbeharra da itxaropena helaraztea Ukrainako haurrei, eta ahal den heinean laguntzea etorkizun hobea amestu dezaten”.

 

Juan de la Cadena ikastetxetik, Oihane Ocáriz Martínez eta Ekaitz Senar Sádaba izan dira eledunak, biak ere Lehen Hezkuntzako 6. kurtsokoak.

 

Hizlarien tribunatik Oihane Ocáriz Martínezek haurrei hitza ematearen garrantzia aldarrikatu du: “Etorkizuna gara. Bizi diren baina oraindik hitzik egiten ez dutenen etorkizuna. Oraintxe milaka haurri hitza ematen dien pertsona bat naiz. Beren iritzia azaldu nahi dute, aintzat har ditzaten”.

 

Ekaitz Senar Sádabak gainbegiratu bat egin die ikasgelan landutako hezkuntza programan planteatu diren hiru GJHei: “Nahiko genuke inor haurtzaroan lan egitera beharturik ez egotea, eta helduek soldata duina izatea, eta senitartekoekin eta maite dituztenekin egoteko astia”.

 

Hitzaldien ondoren, lau eledunek 12 konpromiso aurkeztu dituzte, eta bozketen txanda hasi da. Haur diputatu guztiak hurbildu dira boto-kutxara, zein proposamen nahiago duten erabakitzeko eta hautatzen direnak beteko dituztela agintzeko.

 

Aukeratutako lehen proposamenak 20 boto jaso ditu: “sekula amore ez ematea, gure ametsen alde borrokatzea eta gure beldurrei aurre egitea” (3., 8. eta 17. GJHak). Bigarren tokian, 3 konpromisoren arteko berdinketa izan da, 7na botorekin: “itxaropenik sekula ez galtzea eta beti alde positiboan pentsatzea” (3. eta 8. GJHak); “beti eginahalak egitea ongi egoteko eta mundu hau hobea izan dadin” (3. eta 17. GJHak); eta “itxaropena helaraztea Ukrainako haurrei, etorkizun hobea amestu dezaten” (17. GJHa). Eta hirugarren tokian, 6 botorekin, hau aukeratu dute: “borrokatzea mundu guztiak kobra dezan egiten duen lanagatik, aparteko orduak barne” (8. GJHa).

 

Eztabaida amaitu ondoren, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek amaiera eman dio bilkurari. Aurretik goraipatu egin du Cadreitako eta Iruñeko ikasleek egun batez parlamentari bilakatuta egin duten lan bikaina.

 

Bilkuraren buru aritu da Aldeas Infantiles SOS erakundeko Komunikazioko zuzendaria, Gracia Escudero. Gainera, bilkuran izan dira Yolanda Ibáñez Parlamentuko bigarren lehendakariordea, Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, eta Pedro González (Navarra Suma), Virginia Magdaleno (PSN) eta María Solana (Geroa Bai) parlamentariak.

 

Esteka honetan bilkuraren bideoa ikus daiteke.