Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 26

Parlamentuak Ana Luján Martínez hautatu du Euskararen Nafar Kontseiluko kide

Hizkuntzaren sustapen eta planifikazio esparruan aholkularitza eta partaidetzarako organora batuko da, Lainez, Anaut, Díez de Ultzurrun eta Pikabearekin batera

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur Ana Luján Martínez hautatu du Euskararen Nafar Kontseiluko kide, Ganberak eskubidea baitu organo honetako bost kide hautatzeko eta pasa den martxoaren 15ean Cristina Lainez Gavarri, Dabid Anaut Peña, Itziar Diez de Ultzurrun eta Carlos Pikabea hautatu zituen.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proposatu dute, eta Ana Lujanek 25 boto jaso ditu. 24 boto zuri zenbatu dira, UPN, PSN eta PPNri dagozkionak.

 

Hautaketa txartelen bidezko bozketa sekretuaren bitartez egin da.

 

Nafarroako Gobernuak 2017ko irailean onetsitako erregulazioaren arabera, Euskararen Nafar Kontseilua, Hizkuntzaren sustapen eta planifikazio esparruan aholkularitza eta partaidetzarako organoak, kanpoko kideak 17tik 30era zabaldu ditu. Sortutako kide kategoria berrien artean dago Nafarroako Parlamentuari dagokiona, ordura arte Ganberak ez baitzuen ordezkaririk organo honetan. Nafarroako Gobernuko bost ordezkariak mantendu egiten dira.

 

Euskararen Nafar Kontseilu berriko lehendakaria Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilaria da, eta lehendakariordea Euskarabideako zuzendaria. Kontseilua aholkularitza esparrura pasa da, euskararen sustapenerako politika publikoen partaidetza sozial iraunkorrerako tresna izatea da bere funtzioa, eta horretarako Euskarabideak babes eta laguntza administratiboa eskaintzen dio.

 

Erregulazio berriak gainera, bere jardueraren gardentasuna eta bere lanaren zabaltze soziala bermatzen du; eta honela, Euskararen Nafar Kontseilua behartuta dago bere urteko memoria eta burututako ikerketa zein proposamenak kontsulta publikora bideratzera.