Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Otsailak 6

Parlamentuak Ander Larunbe eta Alicia Alemán hautatu ditu bere ordezkari izateko Nafar Komunitateen Kontseiluan

Kanpoko nafar herritarrekiko harremanei buruzko Foru Legeak dioenez, arlo horretan Foru Komunitateak duen kontsulta- eta partaidetza-organoa da.

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Ander Larunbe eta Alicia Alemán hautatu ditu gaur bere ordezkari izateko Nafar Komunitateen Kontseiluan, zeina jasota baitator Kanpoko nafar herritarrekiko harremanei buruzko otsailaren 22ko 3/2023 Foru Legearen 12. artikuluan.

 

Boto-txartel bitartezko isilpeko bozketaz hautatuak izan diren Larunbe eta Alemanek guztira aldeko 29 boto lortu dituzte. Horiez gain, 17 boto zuri eta 3 boto baliogabe eman dira.

 

EH Bildu talde parlamentarioak proposaturiko Ander Larunbe jauna (Iruña) Eskozian bizi izandakoa da, non Zientzia Politikoetako eta Ingurumen Kudeaketako lizentzia lortu baitzuen. Harrezkero, bere egiteko profesionala itzulpengintzaren eta nazioarteko harremanen alorretan gauzatu du, hala sektore pribatuan nola publikoan, nazioarteko lankidetza industrialeko proiektuetan.

 

Bestalde, Alicia Alemán Geroa Bai talde parlamentarioak proposatua izan da. Zientzia Politikoetan lizentziatua eta Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren eta Nazioarteko Harremanen alorreko Ikasketa Aurreratuetako diplomaduna da, Euskal Herriko Unibertsitatetik. Gaur egun nazioarteko lankidetzako teknikaria da Lankidetzarako eta Elkartasunerako  eLankidetza Euskal Agentzian, eta eskarmentua du nazioarteko erakundeetan; zehazki, meategi-testuinguruetako eraginaren alorrean.

 

Nafar Komunitateen Kontseilua kide anitzeko kontsulta- eta partaidetza-organoa da, Nafarroako Foru Komunitatean kanpoko nafar herritarrekiko harremanen alorrean diharduena. Gai hau 90/2024 Foru Dekretuaren bidez dago garatua, zeinak xedatzen baitu haren txosten eta irizpenak ez direla lotesleak izanen.

 

Kanpoan dauden herritarren alorrean eskudun den departamentuko kontseilari den Ana Ollo andrearen burutzapean, zenbait kide ditu; besteak beste, aipatu foru legean aitortzen diren eskubideekin zerikusia duten eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuaren departamentuen ordezkariak, kanpoan dauden nafar komunitate ofizialki aitortuen ordezkariak, edo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

 

Bozketan ordezko ordezkariak ere izan dira hautatuak. Hauexek dira: Arantza Izurdiaga, Ander Larunberen kasuan, eta Mikel Asiain, Alicia Alemanen kasuan.

 

Boto-txartel bitartezko isilpeko bozketaz hautatuak izan diren Larunbe eta Alemanek guztira aldeko 29 boto lortu dituzte. Horiez gain, 17 boto zuri eta 3 boto baliogabe eman dira.