Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Maiatzak 21

Parlamentuak arbuiatu egiten du Israel palestinarren aurka egiten ari den giza eskubideen urraketa larria

Legebiltzarrak okupazio ilegala eta enbaxada semita Jerusalemera eramatea arbuiatzen duen beste adierazpen bat ere onetsi du

- Eledunen Batzarrak hainbat adierazpen instituzional ditu gaur Israel palestinarren aurka burutzen ari den Giza Eskubideen urraketaren inguruan.

Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Israelgo gobernu sionista palestinarren aurka egiten ari den giza eskubideen urraketa larria. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa eman dute, PPNk aurkakoa eta UPNk bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren puntuen alde bozkatu du, eta lehen puntuaren aurka.

 

Adierazpenak honako hau dio:

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Israelgo gobernu sionista palestinarren aurka egiten ari den giza eskubideen urraketa larria.

2. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasun osoa adierazi nahi dio palestinar herriari, determinazio askerako eskubidea baitu, eta beste behin dio konponbide negoziatu baten alde dagoela, 1967an hitzartutako mugekiko bi estatutan oinarrituta, biek ala biek izaki askatasunean, bakean eta segurtasunean bizitzeko eskubide osoa baitute.

3.- Nafarroako Parlamentuak Europar Batasuna premiatzen du Israelen eta Palestinan nazioarteko legezkotasuna betetzen dela begiratu dezan eta giza eskubideen bortxaketa nahiz okupazio ilegala amai daitezen.

4. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du AEBk Israelen duten enbaxada Tel Avivtik Jerusalemera aldatzea, palestinar herriaren aurkako eraso bat delako eta eremu horretako bake eta egonkortasunaren aurkako atentatua delako.

5. Nafarroako Parlamentuak herritarrei dei egiten die Naqba dela-eta egiten diren ekitaldi eta mobilizazio guztietan parte har dezaten Israelgo estatu sionistaren indarkeria salatzeko, eta palestinar herriaren aldeko elkarretaratze baterako dei egiten du. Elkarretaratzea Parlamentuaren atarian eginen da gaur, hilaren 21ean, 12:00etan”.

 

Izquierda-Ezkerrak beste adierazpen instituzional bat aurkeztu du, zeinaren bidez, Nafarroako Parlamentuak babesten baitu palestinarren eskubidea Israelek indarrez okupatutako lurraldera itzultzeko.

Adierazpen honen alde bozkatu dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioek. PPNk aurkako botoa eman du, eta UPNk lehen eta bigarren puntuen aurkako botoa eman du, eta gainerakoen aldekoa.

 

Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak ere adierazpen instituzional bat aurkeztu du, zeinaren bidez, Nafarroako Parlamentuak Gazako herritarren eskubideen edozein urraketa edo haien aurkako edozein eraso berri arbuiatzen baitu.

Adierazpen honen aldeko botoa eman dute UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioek eta PPNk berriz aurkakoa.