Parlamentuak atzera bota du militar ohi batzuk Gobernuaren aurka sinatutako manifestua gaitzetsi eta errefusatzeko proposamen bat
Eledunen Batzarrak ezetsi egin du adierazpen instituzional baterako proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzetsi egiten baititu beren ideologia politikoagatik 26 milioi pertsona fusilatzearen alde agertu diren militarrak. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute; Navarra Sumak aurka bozkatu du.
Bazter utzitako adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:
"1 Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzetsi egiten ditu beren ideologia politikoagatik 26 milioi pertsona fusilatzearen alde agertu diren militarrak.
2. Nafarroako Parlamentuak guztiz errefusatzen du Voxek arbuiatu ez izana militar ohiek Gobernuaren aurka sinatutako adierazpena.
3. Nafarroako Parlamentuak Defentsako ministroari eskatzen dio erretira ditzala armadako agintari ohiei emandako pribilegio guzti-guztiak.
4. Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako ordezkaritza demokratikoko lehen organoa den aldetik, konpromiso antifrankista eta antifaxista du Espainiako Gobernuaren aurkako pronuntziamendu militar baterako estatuko eskuineko alderdi jakin batzuek babesten dituzten deien aurrean.
5. Nafarroako Parlamentua poztu egiten da Espainiako Gobernuaren aurkako kontsigna faxistei egindako jarraipen eskasagatik, armadako kide ohiek hura dela-eta prentsara jo ondoren, eta Espainiako Gobernuari helarazten dio bere eginkizunak eta proiektu politikoa garatzeko elkartasuna eta adorea, herritarrek legitimoki bozkatu baitute".