Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Irailak 8

Parlamentuak baztertu du Nafarroako Gobernua inbertsioen politika birpentsatzera eta AHTaren obren moratoria ezartzera premiatzeko mozioa

 

Legebiltzarrak ez du onartu EH Bilduren planteamendua, zeinak “lurralde- eta gizarte-kohesioa” argudiotzat hartzen baitzuen oraingo trazadura bide bikoitzarekin egokitzearen alde egiteko

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du xede hau zuen mozioa: Espainiako eta Nafarroako gobernuak premiatzea, “ukitutako administrazioak baitira, arduraz joka dezaten, AHTaren obren moratoria bat ezarriz, gehiengo sozialen beharrizanekin bat datozen lehentasun justifikatuak ezartzeko, hau da, inbertsioen politika birpentsa dezaten”. Navarra Suma, PSN eta Geroa Baik mozioaren aurka bozkatu dute, eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak bultzatutako mozioak “testuinguru sozioekonomikoa eta eraldaketa sakonak” alegatzen zituen “zentzurik eta etorkizunik gabeko proiektu bat geldiarazteko, inongo justifikaziorik ez duena eta Foru Komunitatearen lehentasun politikoetan eta inbertsio-lehentasunetan egokitzen ez dena”. Aitzitik, presako lehentasuntzat jotzen ditu “osasun sistema hobetzea, industria birsortzea, etxebizitzaren arazoa konpontzea, zaintzako sistema publiko bat abiaraztea eta lurraldearen antolamendua berritzea”.

 

Esparru horretan, eta “gehiengo sozialen interesak defendatzearren”, proposatzaileak bere egiten zuen “trenbidearen arloko sindikatuen eta Nafarroako trenbidearen aldeko plataformaren proposamen teknikoa, oraingo trazadura bide bikoitzarekin egokitzekoa”, indarrean dauden gizarte- eta lurralde-kohesiorako parametroekin bat, “era horretan bidaiarietarako zein salgaietarako tren guztiak igarotzea ahalbidetuz”.