Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 24

Parlamentuak baztertu egin du Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren ezezko botoek zapuztu dute Navarra Sumak politika fiskala dakarren testua Gobernuari itzultzeko egin duen ahalegina, eta Batzordean eztabaidatuko da

Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak ezetsi egin du Navarra Sumak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari egindako osoko zuzenketa. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa eman dute eta Navarra Sumak aldekoa. Gobernuak “behe eta erdi mailako geruzak eta ekoizpen eta merkataritza sarea inflazioaren espiraletik babesteko” asmoz aurkeztu du lege proiektua.

 

Beraz, lege proiektua ez zaio Gobernuari itzuliko. Ekonomia eta Ogasun Batzordera eramanen da, eta han irizpena prestatzeko lanak eginen dira abenduaren 16an. Ziurrenik abenduaren 22an aurkeztuko zaio irizpena Osoko Bilkurari, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Zuzenketa partzialak aurkezteko epea ostiral honetan, hilak 25, amaituko da, 12:00etan.

 

Ordezko testuarekin aurkeztu duen osoko zuzenketaren arrazoi gisa azaldu duenez, Navarra Suma talde parlamentarioa sinetsita dago Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuak “ez diela erantzuten errenta ertain eta baxuen premiei, ez eta enpresen premiei ere”, zeintzuentzat PFEZaren tarifan deflaktazioa aplikatzea eskatzen baita, inflazioak ahalmen ekonomikoan duen eragina arintzearren.

 

Navarra Sumaren arabera, enpresei eta beren konturako langileei zerga-kargak arindu behar zaizkie, bereziki zaila den une honetan; izan ere, “hazkunde ekonomikoaren eta enpleguaren sorreraren oinarri den ekoizpen- eta merkataritza-sarea babestu behar da, ongizate-estatuaren oinarrizko zutabeak baitira”.

 

Gauzak horrela, eta interes-tasen igoera eta BPGren hazkundearen geldialdi nabarmena, baita “atzeraldi-egoerak ere Europako herrialdeetan, hala nola Alemanian”, iragartzen duten analisiak aipatu ondoren, Navarra Sumak zergen etengabeko hazkundearen ondorioz “azken zazpi urteetan galdutako lehiakortasuna berreskuratzera bideratutako erreforma fiskal sakon bat” eskatzen du.

 

Testuinguru horretan, fiskalitatea “diru-bilketarako tresna” gisa planteatzeak “ekitatearen eta eraginkortasunaren” arloan dituen ondorioak aipatu ondoren, zerga jakin batzuetan ikusten den “zigor-tonuaren” azpian dagoen “logika manikeoari” buruz ohartarazten da, “ematen baitu eragile jakin batzuk arazo horien erantzuletzat jo nahi direla”.

 

Horregatik guztiagatik, lege-proiektua Gobernuari itzultzearekin batera doan testu alternatiboan “zerga-araudia hobetzeko, legeria nazionalera eta Europako legeriara egokitzeko eta epai judizialei men egiteko” jasotzen diren “aldaketak, doikuntzak eta egokitzapenak” nabarmentzen dira.

 

Navarra Sumak proposatutako neurrien artean, ohiz kanpoko kenkaria (2022ko PFEZ) 45.000 eurorainoko errentetara zabaltzea dago, Foru Gobernua sostengatzen duten bost taldeek proposatutakoa baino 10.000 euro gehiago.

 

Navarra Sumaren ekimenaren helburua da, 140-150 milioi euroko kostuarekin eta 360.000 onuradun potentzialekin, PFEZaren likidazioa-oinarriak doitzea PFEZeko tarifaren deflaktazio progresibo baten bidez 50.000 eurorainoko errentetan eta gutxieneko pertsonal eta familiarrengatiko kenkariek % 3ko deflaktazioa barne hartzea. 

 

Nafarroako Gobernua sostengatzen duten taldeek lege-proiektua inspiratzen duten printzipioetara jo dute, inflazioaren zurrunbiloak eta krisiak gehien eragiten dien sektore eta pertsonekiko konpromisotik abiatuz, Navarra Sumak egindako osoko zuzenketa ezesteko, ez haien arteko desadostasunik gabe.

 

Zentzu horretan, PSNk eta Geroa Baik bat egin dute “kohesio politiko eta sozialak” duen garrantzia azpimarratzean, eta adierazi dute krisiari aurre egiterako orduan, “eskuina gezurretan oinarritzen dela eta ez duela ekarpenik egiten. Zer ez zaizue proiektutik gustatzen? Tarifa ez deflaktatzea? Legebiltzar honek bi aldiz deflaktatu du tarifa legealdian zehar, eta ez dute inoiz babestu. Legegintzaldi osoa daramagu errenta ertain eta baxuak arintzeko neurriak hartzen, betiere haien babesik gabe. Ez dute eboluziorik. Dena nahi dute, politikaren Black Friday, eta ezin da. Lau urtetan ez dira gai izan ekarpenik egiteko”.

 

“Zergen jaitsieran oinarritutako” eskuinaren ereduaren aurrean “justizia fiskala” planteatzen da, “baina ez 2014an bultzatu zuten erreforma. Aurkeztu dituzten 81 zuzenketetatik 47 iaz aurkeztutakoen kopiak dira. 20 errepikatu dituzte PFEZn eta 14 sozietateetan. Pandemiak eta gerrak ez dituzte beren kontraneurriak justifikatzen, salbuespen, dirulaguntza eta kenkarien gehikuntzan oinarrituta, progresibotasunari erreparatu gabe. Bi eredu fiskal antagoniko ditugu, berea, merkatuen autoerregulazio idilikoarena, eta 2015ean modu lasaian ezartzen hasi zena, errealitateari itsatsita”.

 

Progresibitate mailan egindako aldaketa batzuk elkarbanatu arren, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek argi utzi dute ez direla islatuta sentitzen Nafarroako Gobernuak Parlamentura ekarri duen “erreforma fiskal epelean”.

 

“Ez da gure erreforma fiskala, nahiz eta ezkerreko erreforma zer izan litekeen adierazten duten keinu batzuk eskaintzen dituen. Kapital-errentak zertxobait gehiago zergapetzen dira, mileuristak zergak ordaintzetik salbuesten dira, enpresen galeren konpentsazioak mugatzen dira eta zertxobait gehiago biltzen da ondarean. Interesgarria da, halaber, 35.000 eurotik beherako etekin ekonomikoak dituzten langileei kenkaria egitea. Hortik sartzen ez diren 65 milioiak bankuek eta elektrikoek ordaindu beharreko aparteko tasetatik aterako dira ia erabat. Navarra Sumak desberdintasunetan sakontzea proposatu du. Gobernuaren neurriak hartu eta zabaldu egiten dituzte. Ez dira hainbeste bereizten”.

 

EH Bilduk, bere aldetik, bere taldearen “pazientzia estrategikoa” defendatu du, Navarra Sumaren “antsietate taktikoaren” aurrean. Izan ere, Navarra Sumak osoko zuzenketaren “errentagarritasun politikoa” lehenetsi du batzordeko eztabaida pausatuaren aurrean, besteak beste, “laburbildu baino ez dutelako egiten, beren postulatuekiko leial mantendu, berrikuntzarik egin gabe. Funtsean, zerga-oinarriaren murrizketa defendatzen jarraitzen dute, progresibotasunetik ihesi, baita Oinordetzetan ere, non benetako kontrarreforma proposatzen duten, praktika bidegabea berreskuratuz. Kapital-errentei mesede egitea da haien helburu nagusia, bai PFEZren bidez bai sozietateen bidez. Ezer berririk ez. Egia da Gobernuaren erreformak ez duela, nahiko genukeen bezala, sozietateen diru-bilketa handitzen. Edonola ere, gizartearen ezkutua zabaltzen saiatuko gara, jendearen bizi-baldintzak hobetzeko eta, bide batez, haien eskubideak zabaltzeko”.