Parlamentuak bere doluminak helarazten dizkie David Beriain kazetari nafarraren senitarteko eta adiskideei
Legebiltzarrak dolua adierazten du, baita ere, Roberto Fraile kamerariaren eta Rory Young kooperante iparrirlandarrarengatik, Davil Beriainekin batera erailak izan baitziren Burkina Fason dokumental bat grabatzen ari zirela.
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere doluminak eta txera adierazten baitizkie David Beriain nafar kazetariaren, Roberto Fraile kamerariaren eta iparrirlandar laguntzaile baten familiei eta hurbilekoei. Aipatuak talde armatu baten eskuetan erailak izan ziren Burkina Fason dokumental bat grabatzen ari zirelarik.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bere doluminak eta txera adierazten dizkie David Beriain nafar kazetariaren, Roberto Fraile kamerariaren eta iparrirlandar kooperante baten familiei eta hurbilekoei. Aipatuak talde armatu baten eskuetan erailak izan ziren Burkina Fason dokumental bat grabatzen ari zirelarik.
2. Aitortzen du kazetari nafar nazioartekoenetako baten lana, ausardia eta ondare izugarria, bere komunikazio-lanaren muina izan baitzen munduan barrena gertatzen diren errealitate zailenei eta gatazka gogorrei ahotsa ematea.
3. Kazetarien lanarekiko eta komunikazio-lana gatazka-guneetan egoera zailenetan egiten dutenekiko babesa eta konpromisoa adierazten du.
4. Minutu bateko isilunea eginen du ostegun honetan, apirilak 29, Osoko Bilkuraren hasieran, erasoaldi berean erail dituzten David Beriain kazetariaren, bere lankide Roberto Fraile kamerariaren eta iparrirlandar kooperantearen oroimenez.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu Juana Ruiz Sánchez langile humanitarioa aurretiazko akusaziorik gabeko atxiloketa, Israelgo legeriaren arabera 75 egunera arte luza daitekeena, eta Israelgo Estatuari exigitu egiten baitio nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespeta dezala. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Baztertutako adierazpenak honako hau zioen:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Errefusatu egiten du Juana Ruiz Sánchez langile humanitarioa aurretiazko akusaziorik gabeko atxiloketa, Israelgo legeriaren arabera 75 egunera arte luza daitekeena, eta Israelgo Estatuari exigitu egiten dio nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta, oro har, palestinarren giza eskubideak errespeta ditzala.
2. Eskatzen du Juana Ruiz Sánchez andrea eta HWC erakundearen aurkako operazioan atxiloturiko gainerako pertsonak berehala aske uztea.
3. Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari eskatzen die Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkari Josep Borrell jaunaren bidez beharrezkoak diren mekanismoak abian jar ditzaten atxilotutakoak askatzeko bitartekaritza lana egiteko.
4. Erabateko babesa eta elkartasuna adierazten die Juana Ruiz Sánchez andreari eta gainerako atxilotuei eta beren senitartekoei, eta, halaber, palestinarren osasuna hobetzeko egiten duten lana eskertzen die.
5. Berresten du Giza Eskubideekiko eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioarekiko konpromisoa”.