Parlamentuak bere webgunea eguneratuko du ganberaren espazioak birtualki eta 3D bisitatzeko aplikazio batekin
Bisita gidatuen zerbitzua osatu eta ordezten du neurri batean, pandemia dela eta ezarritako prebentzio-neurrien ondorioz aldi baterako etenda baitaude
Parlamentuko Mahaiak aho batez onartu du gaur Nafarroako Parlamentuaren 3D Bisita Birtuala aplikazioa ezartzea. Legebiltzarraren webgunea eguneratuko du aplikazioak, herritarrei modu erakargarri eta dinamikoan edozein lekutatik eta edozein unetan sartzeko aukera emanez.
Bisita birtualak Nafarroako Parlamentutik ibilbide bat egiteko aukera ematen du, eta neurri batean, ganberako bisita gidatuen zerbitzua ordezkatzen du, Covid-19ren pandemiaren ondorioz aldi baterako etenda baitaude. Beraz, ezartzen denean, egoitzako espazioen erreplika ia errealean nabigatzeko aukera gauzatuko da, eta, gainera, eraikina maketa bat balitz bezala ikusiko da.
3Dko ibilbidea webgunearen, sare sozialen eta posta elektronikoaren bidez partekatu daiteke, eta era guztietako gailuetan ikus daiteke. 360º bisita birtualaren aldean, zeina bi dimentsiotakoa eta estatikoa zen, hobekuntza nabarmena dakar.
3D Bisita Birtuala erosteko eta lehen urtearen mantenurako onartutako gastua 2.490 eurokoa da, BEZik gabe.