Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 26

Parlamentuak Edurne Eginoa hautatu du Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendari izateko

PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren babesa jaso ondoren, gardentasuna eta parte-hartzea sustatzeko organoan 6 urterako kargua hartuko du

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak Edurne Eginoa Antxo hautatu du gaur Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendari izateko. Gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta politika publikoen eraginkortasunerako sortutako organoa da.

 

Edurne Eginoa Antxok 29 boto lortu ditu (11 PSN, 9 Geroa Bai, 7 EH Bildu, 2 Podemos-Ahal Dugu). Horrez gain, 21 boto zuri erregistratu dira, Navarra Sumaren (20) eta Izquierda-Ezkerraren (1) jarrerari dagozkionak. Bulegoko arduradun nagusi izendatzeko, gutxienez 26 parlamentariren babesa behar zen, Ganbera osatzen dutenen gehiengo osoa.

 

Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren zuzendaritzarako Edurne Eginoa Antxoren hautaketa bozketa bakarrean egin da, sekretua eta boto-paperen bidez.

 

Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria izan da botoen zenbaketa egin duena, eta, ondoren, Edurne Eginoa Antxo kontrol-organo berri honen lehen presidentea zoriondu du.

 

Edurne Eginoa Antxo (Iruñea, 1971) Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua da eta Nafarroako Zuzenbide Zibilean aditua. Gainera, NUPeko Praktika Juridikoko Ikastaro Orokorra du (94-95). 2003an amaitu zuen ingurumenaren babes juridikoari buruzko doktorego-programa. Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia izan zen aurreko legealdian (2015-19), María José Beaumonten departamentuan. Gaur egun, Orbaizeta eta Orbarako udaletako idazkaria da.

 

Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen bitartez sortzen da, “herritarrek beren erakundeen kontrol eraginkorrean egiaz parte har dezaten eta arduradun politikoek herritarren nahiz beren ordezkaritza-organoen aitzinean kontu eman dezaten”. “Erakunde publikoen galera morala, Foru Ogasunaren txirotze ekonomikoa eta zerbitzu publikoen kalitate galera” ekidin behar duen organo espezifiko gisa sortzen da.

 

Bulegoaren eginkizunek ez dituzte ezertan ere galaraziko Kontuen Ganberari eta Nafarroako Arartekoari dagozkienak (bikoiztasunak ekiditeko, bulegoak urtero bere jarduketa-plana bidaliko die urtarrilaren 31 baino lehen) edo bestelako kontrol eta fiskalizazio erakunde batzuei dagozkienak. Bulegoak laguntza emanen die gardentasunaren, iruzurraren eta ustelkeriari aurre egitearen arloan harenak bezalako eginkizunak dituzten autonomia erkidegoetako, estatuko, Europako edo/eta nazioarteko erakundeei, eta horiekin lankidetzan arituko da.

 

2019ko martxoan bertan behera geratu zen Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Bulegorako zuzendaria hautatzeko lehen ahalegina, Isabel Urzainquiren hautagaitzak ez baitzuen aurrera egin, eskatutako gehiengo absolutuaren bi babesen faltan geratu baitzen.