Parlamentuak erabaki du lege proiektu gisa tramitatzea 2/2022 Foru Lege-dekretua, 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze prozesuak gauzatzekoa
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretua baliozkotzea, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek baiezko botoak eman dituzte, EH Bildu abstenitu egin da eta Navarra Sumak eta I-Ek ezezkoa eman dute.
Foru lege proiektu gisa izapidetuko da foru lege-dekretua, presako prozeduraren bidez. EH Bilduk hala eskatu du, eta eskaera PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin onartu da.
2/2022 Foru Lege-dekretuaren xedea da foru araudi propioa egokitzea, bertan sartuz Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko 20/2021 Legean jasotako funtsezko eskubide eta betebeharrak (oinarrizko legeria), bai aldi baterako langileei dagokienez, kasu honetan administrazio-kontratazioari lotuak, bai eta egonkortze prozesu honetako hautapen prozedurak antolatzeko behar diren gainerako aurreikuspenei dagokienez ere (3.588 lanpostu).
Hala ere, hitzaurrean adierazten denez, Foru Komunitateko administrazio publikoak “guztiz edo partez” atxikitzen ahalko dira egonkortze prozesuak arautuko dituzten xedapenetara (II. titulua).
Enplegu publikoaren behin-behinekotasun handia murrizteko egiturazko erreformei ekin behar zaie eta premia horri erantzuten dio 20/2021 Legeak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin bat. Plan horrek “Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso du”. Azken helburua da egiturazko behin-behinekotasuna gehienez % 8koa izatea administrazio publikoetan, oro har.
Ildo horretan, Estatuko oinarrizko legeria eta Nafarroak bere funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gain duen eskumen esklusiboa bateragarri izan daitezen, aldi baterako kontratazioari buruzko arauak aldatzen dira eta deitu beharreko egonkortze prozesuak arautzen dira, tartean direla izapide eta epeen sinplifikazioa, prozedurak ez gainditzearen ondoriozko konpentsazio ekonomikoa eta aldi baterako kontrataziorako zerrenden kudeaketa egonkortze prozedurak izapidetu bitartean.
Lehendabizi, 20/2021 Legearekin bat etorriz bitarteko langileen aldi baterako izaera indartzeari begira, hiru urtekogehieneko iraunaldia ezartzen da lanpostu hutsak betetzeko kontratuetan, urtebeteko iraunaldia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kontratuen kasuan “beste behar batzuei erantzuteko, baldin eta egiaztatzen bada langile finko nahikorik ez dagoela horiei aurre egiteko”. Administrazio-araubideko kontratazioan gehieneko iraunaldiak betetzen ez badira, konpentsazio ekonomikorako eskubidea izanen da.
Bigarrenik, egonkortze prozedurei dagokienez, egonkortzeko eskaintza publikoan sartzen diren lanpostuak betetzeko oposizio-lehiaketei, merezimendu-lehiaketei eta lekualdatze-lehiaketei aplikatu beharreko arauak ezartzen dira.
Hezkuntza Departamentuak aldi baterako enplegua egonkortzeko tramitatzen dituen prozedurei aplikatu beharreko arauak bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari lotuta daude. Bertan zehazten denez, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren V. tituluan aipatzen diren unibertsitateaz kanpoko irakasleei “haien araudi espezifikoan aurreikusi gabeko gaietan” soilik aplikatuko zaie foru lege-dekretua.
Hirugarren xedapen gehigarriak, bestalde, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak tramitatzen dituzten aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozedurei aplikatu beharreko arauak ezartzen ditu.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunean hartu zuen indarra maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuak, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege-dekretua (NPAO, 72. zk., 2022-06-02koa)