Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Abenduak 1

Parlamentuak eskatzen du aukera-berdintasuna berma dadila PAIren ezarpenean

Hezkuntza Departamentuari dei egiten dio ingelesezko irakaskuntza-ikaskuntza garatzeko plana egin dezan Nafarroako ikasle guztientzat, sei hilabeteko epean

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur erabaki bat onetsi du, UPN, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “ikastetxe publikoetan Ingelesez Ikasteko Programaren (PAI) ezarpena eta garapena aukera-berdintasunarekin gauzatu dadin bertan eskolatutako ikasle guztientzat, edozein direla ere haien familien erosahalmena eta haien bizilekua. Helburu horrekin, jarraituko du hainbat alderdi ezartzen eta hobetzen, besteak beste, aniztasunari, hezkuntzako behar bereziak dituzten ikasleei, gutxiengoei, immigrazioari edo eskolatze berantiarrari eman beharreko arreta”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, gainera, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio “ingelesaren irakaskuntza-ikaskuntzaren tratamendurako curriculum- eta antolaketa-esparrua ezarriko duen araudia zehatz eta gara dezala eta hura sar dezala unibertsitateaz kanpoko ikasketetarako oinarrizko curriculumean”.


Jada hirugarren atalean, bestalde, Hezkuntza Departamentuari dei egiten zaio “ikasketa horiek ezartzeko plana diseina dezan sei hilabeteko epean, Nafarroako ikasle guztiek ikasketa horietarako aukera berdinak izateko”.


Azken bi atal horiek Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak eskatuta erantsi dira: horiek gehitzeko zuzenketa aurkeztu du, eta ekimenaren titularrak, UPN parlamentu-taldeak, onartu egin dio.


Jatorrizko mozioak bazuen beste atal bat, baina ezetsi egin da, hiru aldiz 23na botoko berdinketa gertatu ondoren. Honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak errefusatzen du Hezkuntza Departamentuaren asmoa, ikastetxe publikoetan Ingelesez Ikasteko Programaren ezarpenerako eta irteerarako araudi berariazko bat onestearena, zeinean Departamentuak eginkizun ez-aktiboa izanen baitu irteeran eta erabakigarria, berriz, ezarpenean”. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoek eta I-Eren abstentzioak gaina hartu diote UPN, PSN eta PPNren sostenguari.


UPN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean, hurrengo ikasturtetik aurrera Ingelesez Ikasteko Programan sartzeko edo hartatik irteteko berariazko araudia garatzea arbuiatzen da. “Kontseilariak iragarri zuenez, departamentuak ez du esku hartuko ikastetxeek PAItik irtetea erabakitzen dutenean; ikastetxe publiko gehiago programan sartzerakoan, aldiz, haren iritzia erabakigarria izanen da”.


Azken kasu horretan, klaustroaren eta eskola kontseiluaren oniritziez gain (programatik irteteko betekizunak), beharrezkoa izanen da “egokitasun azterlan bat, Hezkuntza Departamentuak prestatua, zeinean bilduko baitira Ikuskapen Zerbitzuaren txosten bat (plantillak, giza baliabideak, irakasleen hizkuntza-eskakizuna) eta Hizkuntzen Zerbitzuaren txosten bat”.


Proposatzailearen iritziz, erabaki horrek eta “atzerriko hizkuntzen ikaskuntza matrikulazio lekuaren mende jartzen duten” beste batzuek “aukera-berdintasuna hausten dute eta PAIren izaera aldarazten dute”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (129. NPAO, 2016-11-04koa)