Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Otsailak 11

Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du Garoña itxi dezan

Argudiatzen da Espainiako zentral nuklearren parkeko zaharrena dela, bi urtez itxita egon dela eta energiaren ikuspuntutik ez dela beharrezkoa

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren aurkako botoarekin erabaki bat onetsi du, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “Garoñako zentral nuklearrari ez diezaion ustiapen-baimen berririk eman, eta hura eraisteko prozesuari ekin diezaion berehala”.


Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badu, non, PPNren aurkako botoarekin eta gainerakoen aldeko botoarekin, Nafarroako eta Espainiako gobernuak "premiatzen baitira eredu energetiko berri baten aldeko apustua egin dezaten, energia produktibo, jasangarri, garbi eta seguruak lehenetsiko dituena".


Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenak honako hau dio: "Garoñako zentral nuklearra 1971n inauguratu zen. Gaur egun, Espainiako parke nuklearreko zentralik zaharrena da. Jada 40 urte bete dituen zentrala da, eta eraisteko unea iritsi zaio. Energiaren ikuspuntutik ez dago zentral horren premiarik; izan ere, bi urte baino gehiago darama itxita, eta hala eta guztiz ere, Alderdi Popularraren gobernua eta zentralaren jabetza duen enpresa (Nuclenor) lanean ari dira zentrala berriro ere abian jartzeko, epe motzeko interes ekonomikoa lehenetsiz, hartara, herritarren segurtasunaren eta ingurumenaren aldean”.


Zentral nuklear horrek “egitura- eta korrosio-arazo larriak izan ditu erreaktorean, azken urteotan zortzi istripu baino gehiago eragin dituztenak, eta Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak berak aitortu du larriki hondaturiko hainbat elementu daudela. Era berean, zentralaren funtzionamenduak kutsadura termikoko arazo larriak eragiten jarraitzen du Ebro ibaian. Agerikoak dira energia nuklearrak, orokorrean, eta Garoñako zentralak, bereziki, herritarrentzat dakartzaten arrisku larriak”.


Zentral nuklear horren jabetza duen enpresak (Nuclenor), “abenduan hiru urte bete baitzituen energiarik ekoitzi gabe, bilatzen du Industria Ministerioak 17 urte gehiagoz funtzionatzeko emakida eman diezaion”.


Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak “iragan urriaren 30ean onetsi zituen Garoñako zentral nuklearrak funtzionatu ahal izateko funtzionamendu-zehaztapen tekniko berriak, non aurreikusten baita 20 urtez luzatzea funtzionatzeko muga-eguna”.


Hori guztia dela eta, proposamen-egilearen ustez “Garoñako zentral nuklearrak itxita egon behar zuen duela hamar urte, lehen belaunaldiko zentral zahar bat baita, egiazko arriskuak eragiten dituena inguruan eta ingurumenean. Estatuko zentral nuklearrik zaharrena da, eta Fukushimako lehenbiziko erreaktorearen berdin-berdina da”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (13. NPAO, 2016-02-05ekoa)