Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Apirilak 16

Parlamentuak Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka hasitako guerra ilegala zeharo arbuiatzen du

Osoko Bilkurak bakearekin eta nazioarteko zuzenbidearekin duen konpromisoa berretsi du, eta Espainiako eta Nafarroako gobernuek gerraren ondorioei aurre egiteko eman duten erantzuna nabarmendu du

Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, PPNren abstentzioarekin eta talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “zeharo arbuiatzen baitu Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka hasitako gerra ilegal eta bidegabea, bai eta Nazio Batzuen Gutuna nahiz nazioarteko zuzenbidea urratzen duen beste edozein ekintza militar ere, eta berresten du konprometituta dagoela bakearekin, gatazken konponbide politikoarekin eta nazioarteko eskubidearekiko errespetuarekin”.

 

Bigarren atalean, Foru Legebiltzarrak “berehalako su-etena exijitzen du, egiazkoa eta egiaztagarria Ekialde Hurbileko lurralde osoan, salbuespenik gabe. Eta orobat exijitzen du populazio zibilaren kontrako indarkeria-mota amaitu dadin”.

 

Bestalde, Nafarroako Parlamentua “aire-eremua Estatu Batuen operazio militarrei ixtearen alde” dagoela adierazten da, eta errefusatu egiten du “Espainiako base militarrak (Rotakoa eta Moróngoa, kasu) gerrari lotutako operazioetarako erabiltzea”.

 

Contigo-Zurekinek gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, PSN ekimenaren titularrak onartu ez duena, eskatuz “Espainiako Estatua NATO-Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundetik irten dadin”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak adierazten du Estatu Batuek eta Israelek Irango instalazio estrategikoen kontra hasitako erasoaldiaren ondorioz sortu den gatazka irekia "zeharo ilegala eta nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa” dela eta, ildo horretan, eraso hauek “aldebakartasuneranzko eta indarraren inposizioranzko deriba arriskutsua” direla ohartarazten du, “nazioarteko erakundeak ahultzen eta bakea nahiz segurtasun globala arriskuan jartzen dituena”.

 

Sustatzailearen ustez, “ziurgabetasunaren eta segurtasunik ezaren” testuinguruan elkarrizketa eta lankidetza dira gatazkak konpontzeko bide bakarra, ea ildo horretan, Espainiako eta Nafarroako gobernuek gerraren ondorioei emandako erantzuna nabarmentzen da, gatazkak herritarren egunerokoan duen eragina arintzeko neurri ekonomikoak hartuz.