Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Maiatzak 5

Parlamentuak etxeko langileak abusuetatik babesteko neurriak hartzeko eskatzen dio Gobernuari

I-E eta Podemos-Ahal Dugu taldeen ekimenez, LNEren 189. Hitzarmena lehenbailehen aplikatzeko eta legeria aldatzeko eskatzen dio, etxeko langileen egoera araubide orokorrarekin pareka dadin

Nafarroako Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “neurri eraginkorrak har ditzan, etxeko langile gisa lan egiten duten pertsonak abusuzko jardunbideetatik babesteko, eta mekanismoak eta prozedurak ezar ditzan kontratuak, kexak, abusuak eta iruzurrezko jardunbideak ikuskatzeko”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuak, bestalde, Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen ditu “Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena berrets dezan, eta, hortaz, haren aplikazioa eta garapena ere bai, dagozkien eskumenen esparruetan”. Hitzarmen horrek oinarrizko lan eskubideak aitortzen dizkie mundu osoko etxeko langileei.


Hirugarren atalean, berriz, lan arloko legeria aldatzeko eskatzen zaio Gobernu zentralari, “etxeko langileen araubidea araubide orokorrarekin parekatzeko”.


Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak sustatu duen erabaki horren zioen azalpenean, etxeko lanaren “errealitatea eta langile horien eginkizun soziala ikustaraztea” funtsezkotzat jotzen da haien lan baldintzak hobetze aldera, baldintza guztiz eskasak baitituzte 2012az geroztik; orduan PPko Gobernuak aldaketak egin zituen PSOEko Gobernuak urtebete lehenago etxeko langileak ezkutuko ekonomiatik atera nahian aldarrikatu zuen lehenengo estatu-legean.


Horren harira, emakume horietako askok, “bereziki barne langileek, pairatzen duten esplotazio eta babesgabetasun egoera” salatzen da. “Egoera are larriagoa da emakumeak egoera irregularrean daudenean”, ohartarazten da, eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe dauden etxeko langileak 9.000 direla gehitzen da. Emakume horientzat guztientzat ohikoak dira “soldata txikiak, eginkizunen zehaztugabetasuna eta ordutegi malguak”.


Eta kotizatzen dutenek araubide berezi batean egiten dute, “langabeziako prestaziorako eskubiderik gabe, lan-hitzarmenerako aukerarik gabe, eta zailtasun handiak izanik aldi baterako ezintasun prozesuetan”.

 

www.parlamentodenavarra.es
Mozioa (45. NPAO, 2016-04-01ekoa)

 

Podemos-Ahal Dugu-k axolagabekeria salatu du

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki batean, Espainiako Gobernua premiatzen du “luzamendurik gabe berrets ditzan LNE-Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena eta etxeko langileen lan duinari buruzko 201. Gomendioa”.


Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak sustatu duen erabaki horren zioen azalpenean Espainiako Gobernuari eskatzen zaio lehenbailehen berrets dezala hitzarmen hori, “non eta ez duen atzera egin nahi sektore horretako eskubideen aitortzan, zeinak 427.000 pertsonari ematen baitie lana (INE, 2015eko abendua), gehien-gehienak emakumeak (%83)”.
Ildo horretatik, “erakundeen axolagabekeria eta interes falta” aipatzen dira. Ohartarazten da sektorea zeharo prekarizatua dagoela, babesik gabe, eta oso handiak dituela ezkutuko ekonomiaren eta langile etorkinen tasak.


Lan horretan “soilik %9k dauka gainontzeko langileek daukaten lege-estaldura bera; beste guztiek ez daukate ordainsari edo atsedenaldi arauturik, eta langile horien ordainsari eta lan baldintzak gure herrialdeko makurrenak dira: langabezia-sarirako eskubiderik gabe, erretiro aurreratua hartzeko aukerarik gabe edo 55 urtetik goitiko langabetuentzako laguntzak eta prestazioak jasotzeko aukerarik gabe, eta mota guztietako abusuak pairatzen dituzte, baita sexu-abusuak ere”.


Mundu osoko etxeko langileei ere oinarrizko lan eskubideak aitortzen dizkien LNEren hitzarmena 2013ko irailaren 5ean jarri zen indarrean. Orain arte hamazazpi herrialde atxiki zaizkio hitzarmenari (Alemania, Argentina, Bolivia, Kolonbia; Costa Rica, Ekuador, Filipinak, Finlandia, Guyana, Irlanda, Italia, Maurizio, Nikaragua, Paraguai, Hegoafrika, Suitza eta Uruguai), eta 2016an beste bost herrialdetan jarriko da indarrean (Belgika, Txile, Dominikar Errepublika, Panama eta Portugal).


www.parlamentodenavarra.es
Mozioa (45. NPAO, 2016-04-01ekoa)