Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 25

Parlamentuak ez du aintzat hartu COVID-19aren epidemiaren ondorioz laneko eta familiako bizitzak uztartze aldera familiei laguntzeko ezohiko neurriak arautzen dituen Foru Lege proposamena

Navarra Sumak eskatzen zuen eszedentzietarako, lanaldi murriztuetarako eta zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntzak arautu zitezen, familiei lanera itzultzen laguntze aldera

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur ez du aintzat hartu COVID-19aren epidemiaren ondorioz laneko eta familiako bizitzak uztartze aldera familiei laguntzeko ezohiko neurriak arautzen dituen Foru Lege proposamena. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek kontrako botoa eman dute, eta Navarra Sumak aldekoa.

 

Navarra Sumak aurkeztutako lege proposamenaren xedea zen “14 urtetik beherako seme-alabak edota 65 urtetik gorakoak edo beren kargurako desgaituak dituzten familiei ekonomiaren jardunera itzultzen laguntzea, diruz lagunduta eszedentzia eta lanaldi murriztua (% 50 gutxienez ere), bai eta zaintzaileen kontratazioa ere, jarduera presentziala saihesteko modurik ez daukatenen kasuan”.

 

Eman beharreko laguntzen zenbatekoa hilean 700 eurokoa zen eszedentzia eskatuz gero, eta 350 eurokoa, berriz, lanaldia murriztuz gero. Eszedentzia eskatzen zuen pertsona lanaldi partzialerako kontratatuta bazegoen, edo % 50ekoa baino handiagoa zenean lanaldi-murrizketa, laguntzaren zenbatekoa proportzioan zehaztuko zen. Laguntzak % 10 igoko ziren, baldin eta onuradunak familia gurasobakarrak, familia ugariak edo genero indarkeriaren biktimak dituztenak baziren, edo eszedentzia nahiz lanaldi murriztua eskatzen zuena gizonezkoa bazen (ezkondua edo bikote egonkorra duena).

 

Etxean adingabeak, nagusiak edo mendekotasuna dutenak artatzeko zaintzailea kontratatzeari dagokionez, sektoreko lansari-taularen arabera ezarritako lansari gordinaren % 50eko laguntzak edo ordu bakoitzeko 5 eurokoak (astean gehienez 20 ordura bitarte) aurreikusten ziren.

 

Laguntzen indarraldia hezkuntza-arloko eta autonomiaren sustapenaren edo artaren arloko kontziliazio-tresnak eteteari lotuta ageri ziren. Hortaz, ikastetxeak edo zaintza-zentroak berriz irekitzen ziren unean berean iraungiko ziren. Halere, haurren eta familien arloko departamentu eskudunaren gain uzten zen neurri bereziak mantentzeari edo ez mantentzeari buruz erabakitzeko ahalmena, eta erabaki horiek administrazio bidean errekurritu zitezkeen.

 

Bilkurak –mistoa (presentziala eta telematikoa)– honako hauek bildu ditu Osoko Bilkuren aretoan: Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak, eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Botoa eskuordetzea borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chiviterekin batera, lehen lehendakariorde Javier Remírez, bigarren lehendakariorde Jose Mari Aierdi, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saiz, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos egon dira.