Parlamentuak ez du aintzat hartu Nafarroako Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreari buruzko foru-lege proposamena
Babesik gabe, Navarra Sumak lege-esparru bereki bat proposatzen zuen, entitate horien lankidetza eta parte-hartzea sustatzeko erantzukizun publikoko politiketan eta sistemetan
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur ez du aintzat hartu Nafarroako gizarte ekintzako hirugarren sektoreari buruzko foru-lege proposamena. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek kontrako botoa eman dute, eta Navarra Sumak aldekoa.
Navarra Sumak bultzatutako lege proposamenaren helburua zen lege-esparru bereki bat sortzea , modu arin eta eraginkorrean hirugarren sektore horren lankidetza eta parte-hartzea sustatzeko, hala esku-hartze sozialaren eremuan nola bere jarduketa eremuarekin lotutako erantzukizun publikoko politika eta sistemetan.
Gizarte ekintzako hirugarren sektoreko entitatetzat jotzen ziren Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko 5/2001 Foru Legean zehaztutako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak, 26ko 94/2016 Foru Dekretuan aurreikusitako gizarteratze eta laneratze-enpresak (arau horren jarduketa-printzipioen menpean badaude) eta irabazi asmorik gabeko elkarteak, haien xede nagusia bada zaurgarritasuneko edo gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen eskubideak osoki egikaritzea bultzatzea, barruan sarturik mendekotasunaren prebentzioa eta osasuna, norberaren autonomia eta odola eta ehunak ematea sustatzea.
Halaber halakotzat katalogatzen ziren federazioak, plataformak eta beste sare batzuk, aipatutako erakundeetatik gutxienez bik osatuak, kasu guztietan parte-hartze demokratikoa, aukera-berdintasuna, gardentasuna, sareko lana edo kudeaketarako eta erabakitzeko autonomia bermatzen dituzten jarduketa-printzipioen menpean.
Gauzak horrela, xedea izanik elkarrizketarako eta lankidetzarako prozesu formal bat eratzea zeinak bilatzen duen “politika sozialak eta bestelako ekimenak bideratzea, entitate eta sare horien ekintzaren xede diren pertsonen eskubideak aitortze eta benetan egikaritze aldera”, dei egiten zen Elkarrizketa Zibilerako Mahai bat sortzera, etengabeko eta noranzko biko elkarrizketa eraginkorrerako elkarrizketa-foro gisa. Ordezkaritza paritarioa edukiko zuen, hirugarren sektoreko entitateen kasuan kontuan hartuz haien ezarpen maila, ordezkagarritasuna eta eragin soziala.
Era berean, aurreikusten zen Nafarroako administrazio publikoetako aholku-kontseilu eta parte hartzeko organo guztietan gizarte ekintzako hirugarren sektoreko entitate bat, gutxienez ere, egotea. Eta bermatzen zen sareek parte-hartzea lege horretan aipatutako esku-hartze sozialeko esparruekin nolabaiteko lotura, zeharkakoa bada ere, duten planak eta programak diseinatzeko, lantzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko egiten diren jarduera guztietan.
Bestetik, jasotzen zen 2/2006 Foru Legean jasotako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala aldatzea, kideen artean sartzeko Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren sektoreko bi kide eta Gizarte Ekintzako hirugarren sektoreko beste bi, azken horiek beraiek hautatuta erregelamendu bidez xedatuko den prozedurari jarraikiz. Aurrera atera izan balitz, kideen kopurua 28tik 32ra igoko zen.
Osasun eta gizarte zerbitzuen arloko politika publikoak gauzatzerakoan lankidetza eginen litzateke "ahal bada” itun sozialaren bidez, 13/2017 Foru Legeak aurreikusten duen moduan. Itun sozialaren figura ezin erabili eta kontratazio publikoaren legedira joko balitz, legedian aurreikusitako aukera guztiak baliatuko lirateke hirugarren sektoreak lizitazio prozeduretan parte hartzeko aukera izan dezan. Hala ere, interes orokorreko jardueretan lankidetzan aritu edo zerbitzuak eman ahal izateko, entitateek erreferentziazko hitzarmen kolektiboak bete, 2/1998 Legean boluntariotzarako zehaztutako baldintzak errespetatu eta aldizkako kontrol eta ebaluazio sistemen menpean egon beharko lukete, gardentasunari eta kontu-emateari buruzkoa barne.
Hirugarren sektorearen sustapenerako dirulaguntzak baliatzen ziren, urte anitzekoak “norgehiagoka prozeduraren bidezkoak edo zuzenean ematekoak direnean, betiere modu jarraituan egin badira aurreko lau urteetan gutxienez”. Urte anitzeko laguntzak gehienez ere lau ekitalditara mugatzen ziren eta partida izenduna egotea behar zuten. Garapenerako lankidetzarako dirulaguntzek 5/2001 Foru Legearen mende jarraitzen zuten.
Aurkakorik adierazi ezean, hirugarren sektoreko entitateei esleitzen zaizkien dirulaguntzak aurrez ordainduko lirateke, ordainketa batean edo zenbaitetan, eta bermeak ezartzen ahalko lirateke 300.000 euroko edo gehiagoko zenbatekoak balira.
Nafarroako Gobernuak, entitateekin eta Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioarekin lankidetzan, foru komunitateko gizarte ekintzako hirugarren sektorea sustatzeko estrategia bat landuko luke hiru urtean behin. Dirulaguntzei buruzko plan estrategikoarekin koordinatuta, diagnostiko batetik abiatuko litzateke eta hiru urteko indarraldia edukiko luke.
Testuinguru horretan, proposatzen zen 7/2009 Foru Legean jasotzen den tributuaren esleipena, % 0,7koa, aldatzea, biltze aldera PFEZaren eta sozietateen gaineko zergaren menpekoen kuota osoak, “gizarte-intereseko beste xede batzuei esleitzea (orain berariazko partida) zein Eliza katolikoaren sostenguari laguntzea hautatzen duten” horienak.
Urtero, Nafarroako Gobernuak kontuak emanen lituzke Parlamentuan hirugarren sektoreko entitateekin egindako itun sozialen eta kontratu publikoen kopuruari buruz. Horren kontrolerako Administrazioaren mendeko erregistro publiko guztiak egokitu beharko lirateke, gehienez ere sei hilabeteko epean, zuzen identifikatu ahal izateko (eremu berri bat gehituz) inskribatutako entitate guztiak. Aukerarik ez dagoen bitartean dagokion Departamentuaren txosten tekniko baten bidez frogatzen ahalko lukete beren izaera.
Era berean, gehienez ere sei hilabeteko epean, elkarrizketa zibila gauzatzeko eta ebaluatzeko mekanismoa erregelamendu bidez garatzeari ekinen litzaioke. Denbora erdian, berriz ere proiektu horretan ezarritakoa betetzeari begira, kontsulta eta partaidetza organoak berrikusi beharko lirateke.
- www.parlamentodenavarra.es
- Foru lege proposamena (114. NPAO, 2022-10-14koa)
Archivos adjuntos
PLF del Tercer Sector de Acción Social de Navarra, de Navarra +