Parlamentuak ez du aintzat hartu Nafarroako sinboloei buruzko Foru Lege proposamena
PPNk “legezkotasunaren eta neutraltasun instituzionalaren” bidera itzultzea proposatu du eta Legebiltzarreko gehiengoak “bazterketaren eta debekuaren” bideaz ari dela ulertu du
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak uko egin dio Nafarroako sinboloei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzeari. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurka bozkatu dute, eta UPN, PSN eta PPNk alde.
PPNko foru parlamentarien elkarteak sustatutako lege proposamen horrek xede zuen “beste erkidego bateko bandera paratzeko asmo hutsez Sinboloei buruzko 1986ko Legea indargabetu zenetik (2017) dagoen arau-hutsunea betetzea, sinboloak erakustearen harrotasuna biziberritzea, bizikidetasun pluralaren adierazpide nagusi diren aldetik, eta neutraltasun instituzionala bermatzea haiek erabiltzean”.
Hori guztia, zehazten zenez, “legezkotasun-printzipioei atxikita”, eskakizun hori “ezin baita bat etorri jokabide alderdikoiekin, non batzuen asmoek bazter uzten baitute gainontzekoak”, dela “ekitaldi eta espazio publiko ofizialetan nahiz gizarteak bere talde-sentimena agertzen duen ekitaldi-mota guztietan”.
Horretarako, arauak azpimarratzen zuen “agintari publikoek legea betetzen dela begiratu” behar dutela, eta zehapen kode bat ezartzen zuen “betebeharren dolozko nahiz erruzko ez-betetzea, zabarkeria edo axolagabekeria bera zigortzeko”.
UPNk eta PSNk lege proposamena aldeztu dute, haren helburu nagusia berretsiz, baina Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E aurka agertu dira, Gobernuaren desadostasuna bere eginda, eta aintzat hartzea eragotzi dute.
Foru Gobernuari eusten dioten taldeen esanetan, “ofizialak ez diren sinboloak baztertu eta debekatzeak ez du ezer konpontzen”. Ildo horretatik, “Sinboloei buruzko Foru Lege berri bat denontzat egin ahal izateko adostasun politiko eta instituzionalaren zain”, apustu egin dute “tolerantziaren eta integrazioaren alde”. Uste dute PPNren lege proposamenak guztiz alderantzizkoa bilatzen duela eta “indargabetutako araua ia bere hartan errepikatzen duen” lege-testua dela.
Berrikuntza modura, Sinboloekiko errespetua, erakundeen neutraltasuna eta neutraltasun hori babesteko neurriak izenburuko kapitulua sartu izana nabarmendu dute. Haien iritziz, kapitulu hori “adierazpen-askatasunaren eta hauteskunde-eskubideen aurkako erasoa da, eta teknikoki gaitzesgarria den moduan arautzen ditu zehapen-prozedurak”.
-
Foru lege proposamena (13. NPAO, 2019-02-01ekoa)