Parlamentuak ez du Isabel Urzainquiren hautagaitza babestu Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendaritzarako
Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek aurkeztua, politika publikoetan gardentasuna eta zuzentasuna sustatzeko bulegoko zuzendari izateko beharrezkoa zen gehiengo osorako bi boto falta izan zaizkio
Isabel Urzainqui Zozayak, Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek aurkeztutako hautagaiak, ez du babes nahikoa lortu Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendaritzako hautaketan, hau da, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta politika publikoen eraginkortasunerako sortutako organoa zuzentzeko hautagaitzan.
Isabel Urzainquik 24 boto lortu ditu, eskatzen den gehiengo osorako bi boto falta izan zaizkio. 26 boto zuri izan dira, gehiengo osoa eskatzen zuen hautaketak, eta ez da beste hautagaitzarik aurkeztu.
Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen bitartez sortzen da, “herritarrek beren erakundeen kontrol eraginkorrean egiaz parte har dezaten eta arduradun politikoek herritarren nahiz beren ordezkaritza-organoen aitzinean kontu eman dezaten”. “Erakunde publikoen galera morala, Foru Ogasunaren txirotze ekonomikoa eta zerbitzu publikoen kalitate galera” ekidin behar duen organo espezifiko gisa sortzen da.
Bulegoaren eginkizunek ez dituzte ezertan ere galaraziko Kontuen Ganberari eta Nafarroako Arartekoari dagozkienak (bikoiztasunak ekiditeko, bulegoak urtero bere jarduketa-plana bidaliko die urtarrilaren 31 baino lehen) edo bestelako kontrol eta fiskalizazio erakunde batzuei dagozkienak. Bulegoak laguntza emanen die gardentasunaren, iruzurraren eta ustelkeriari aurre egitearen arloan harenak bezalako eginkizunak dituzten autonomia erkidegoetako, estatuko, Europako edo/eta nazioarteko erakundeei, eta horiekin lankidetzan arituko da.