Parlamentuak ez du onartu Nafarroako Ubidearen II. fasea lehen fasearen eta horren handitzearen pare garatzeko eskatzen zuen mozioa
UPNk Nafarroako Ubidearen aldeko Manifestuari eutsi dio, baina Legebiltzarreko gehiengoak “konponbide partekatua eta oraingo nahiz geroko beharretarako egokia” nahi du
Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, gaur atzera bota duen mozio batean, Legebiltzarrari hau adierazteko eskatzen zitzaion: “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eskatzen du, behar adinako emariarekin eta tamainarekin, eta lehenengo fasea eta horren handitzea garatu izan diren baldintza beretan”.
Ezetsitako mozioaren bigarren puntuak honako hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak bere egiten eta babesten du Ebro ibaiaren eskuineko ibaiertzeko ureztatzaile-elkarteen jarrera, eta, halatan, Gobernuari eskatzen dio Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen proiektua –guztira, 21.000 hektarea– osorik egitea”.
Jada hirugarren atalean eskatzen zen, halaber, “erabaki hau Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari helaraztea, izan beharreko ondorioak izan ditzan”.
Aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek, eta ekimenaren titularrak, UPNk, ez du onartu. Zuzenketa horren arabera, Parlamentuak eskatu behar zuen “edateko, ureztatzeko eta industriarako ur hornidura nahikoa ezartzea, oraingo eta etorkizuneko beharrak zehaztu ondoren, eta, nolanahi ere, dagoen kontzesioa hobetzea, dituen mugekin”.
Legebiltzarrak, gainera, jasorik utzi behar zuen “Nafarroako Gobernuak Erriberan abiarazi duen parte-hartze prozesua garatzearen aldeko jarrera; hango ureztatzaile-elkarteak dira etorkizuneko erabiltzaileak eta azpiegituraren finantzaketan parte hartzen dute, eta, beraz, haiek zehaztu behar dute zenbat hektarea sartuko diren”.
Azkenik, ebazpena, halakorik izan balitz, Espainiako Gobernuko sail eskudunari ere igortzea proposatzen zen.
UPN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenaren zioen azalpenean Nafarroako Ubidearen aldeko manifestua aipatzen zen; 2016an sinatutako dokumentu horretan, Ebro ibaiaren eskuineko ertzeko ureztatzaile-elkarteek –Nafarroako Ubidearen bigarren faseko etorkizuneko eremu ureztagarrian daude horiek denak– baieztatzen dute ezin dela “ez zalantzan jarri ez atzeratu ere egin” obraren bultzada”.
Horiek horrela, proposatzaileak azpimarratzen zuenez, “Nafarroako Erriberaren gaurko nahiz etorkizuneko ur-premiek nahitaezkoa egiten dute Nafarroako Ubidea Ablitaseraino heltzea”. Nafarroako Gobernuari gogorarazten zion azken erabakia “berari bakarrik” dagokiola, eta ez dela onargarria “ardura hori beste inoren bizkar uzten saiatzea”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (90. NPAO, 2017-06-20koa)