Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Apirilak 3

Parlamentuak Foru Lege gisa jaso ditu COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten bi Foru Lege Dekretuak

Legebiltzarrak 55 milioitan handitu du krisiari aurre egiteko funtsa, autonomoei eta toki entitateei zuzendutako laguntza zuzenak xedatu ditu eta material sanitarioa eskuratzea ahalbidetu du

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak indarrean jartzen dituzten martxoaren 18ko 1/2020 eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretuen edukia jaso eta zabaltzen duten bi Foru Legeak onetsi ditu.

 

Lehena aho batez onetsi da eta bigarrena, berriz, EH Bilduren abstentzioarekin. NAOn argitaratzen diren egunean bertan sartuko dira indarrean, eta indarraldiak egoera hau eragin duten baldintza bereziak desagertu artean iraunen du.

 

Irakurketa bakarrean izapidetu eta biak batera eztabaidatu ondoren, zuzenketen bidez egin diren ekarpenekin osatu dira bi foru-legeak . Zuzenketa hauen bidez, esaterako, 100 milioitik 130 milioira handitu da Nafarroako Gobernuak COVID-19aren osasun-krisiaren inpaktuari aurre egiteko sortu zuen funtsa, tartean 25 milioiko ohiz kanpoko funts zabalgarri bat sortzea onetsi baita toki entitateek koronabirusa dela-eta dituzten gastuak arintzeko.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 53 zuzenketa eztabaidatu dira eta horietatik 27 onetsi dira, Navarra Sumak aurkeztutako 2, Gobernua sostengatzen duten taldeek aurkeztutako 3 eta EH Bilduk aurkeztutako 12. Horiez gain, alderdi guztiek sinatutako 10 in voce zuzenketa onetsi dira.

 

Osoko Bilkuraren aurretik Mahaiak eta Eledunen Batzarrak Navarra Sumaren 1., 2. eta 3. eta EH Bilduren 16. zuzenketak onartu ditu, Nafarroako Gobernuak bere desadostasuna agertu duen arren, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 129. eta 158. artikuluei jarraiki, Foru Gobernuak ulertzen baitu "kredituak gehitzea edo aurrekontu-dirusarrerak gutxitzea" ekartzen dutela. Hala ere, Navarra Sumak eta EH Bilduk aldeko botoa eman dutenez, (Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren gehiengo soila behar zen) PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoei gailendu eta zuzenketak azkenean eztabaidatuak izan dira.

 

EH Bilduk, bestalde, lehenengo legeari aurkeztutako 14. zuzenketa erretiratu egin du bai eta bigarren legeari aurkeztutako 17, 18, 19,20, 21, 25, 26, 28 eta 32. zuzenketak ere.

 

Lehenengo Foru Legearen kasuan, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretuaren edukian oinarritutako testuari 13 zuzenketa gehitu zaizkio, Navarra Sumaren 1, EH Bilduren 8 eta legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek sinatutako 4 in voce.

 

Navarra Sumak eskatuta (haren zuzenketa EH Bilduren babesarekin onetsi da), 100 milioitik 130 milioira handitu da Nafarroako Gobernuak COVID-19aren osasun-krisiaren inpaktuari aurre egiteko sortu zuen funtsa. Gainera, funts horren kargura, 6 milioi euroko hasierako partida bat (zabalgarria) onetsi da, urgentziaz eskuratzekoa norbera babesteko ekipamenduak, material sanitarioa eta Covid-19aren baieztapen diagnostikoko probak. Funts horren kontura, halaber, 20 milioiko beste partida bat (zabalgarria) ezarri da, bideratuta 650 eurorainoko zuzeneko laguntza bat ematera azken sei hilabeteetako batez bestekoaren aldean fakturazioa gutxienez % 30 murriztu zaien autonomoei, alarma-egoera hasi zenetik (463/2020 Errege Dekretuan deklaratua) hura amaitu arte edo jardunari berrekitea legez ahalbidetzen den arte. Jaso beharreko laguntza, martxoko eta apirileko kuoten ordainketa aurkeztearen baldintzapean dagoena, Gizarte Segurantzari hilero ordaindu beharreko kuotaren zenbatekoaren antzekoa izanen da.

 

Navarra Sumaren ustez, alarma-egoera luzatzearen eta besteren konturako langileentzat baimen ordaindu berreskuragarri bat onestearen ondorioz sortutako egoerak neurri gehigarriak eskatzen ditu osasun arloan eta pizgarri ekonomikoen arloan; kasu honetan, autonomoak babesteko, "jarduera produktiboaren geldialdi akutuak gehien eragindako kolektiboetako bat baita". PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute.

 

EH Bilduk eskatuta, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea ezartzen da 130 milioiko Kontingentzia Funts horren balizko onuradun gisa; izan ere, "sektore honen espezifikotasuna dela eta berariazko aipamena egitea komeni da". EH Bilduren zuzenketa Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

EH Bilduren beste zuzenketa baten ondorioz –Navarra Suma bakarrik agertu da horren aurka–, erabaki da Nafarroako Gobernuak 7/2020 eta 8/2020 Errege Lege-dekretuen babesean Estatuarengandik jasotzen dituen transferentzien % 15 gutxienez bideratzea "pertsona guztientzat diru-sarrerak bermatu eta sendotzera, haien oinarrizko premietarako, larrialdikoak nahiz gizarteratzekoak izan. Eta toki entitateen bitartez (batik bat, gizarte-zerbitzuen mankomunitateen bitartez) kudeatzen diren beste laguntza edo prestazio sozialetarako likidezia eskaintzera".

 

Testuinguru horretan zehazten da ezen Nafarroako sektore publikoa osatzen duten entitateei maileguak, abalak edo antzeko beste berme batzuk ematea konpromiso batera baldintzatuta egonen dela, zeinaren arabera enplegua sei hilabeteko epean zehar mantendu beharko baita, alarma-egoera amaitu delarik jardunari berrekiten zaion egunetik aurrera. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.

 

Gainera, EH Bilduk proposatuta, eta Navarra Sumaren babesarekin, 25 milioiko ohiz kanpoko funts zabalgarri bat sortzea onetsi da, toki entitateek koronabirusa dela-eta dituzten gastuak arintzeko. Horretarako, lege hau indarrean sartu eta hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak zenbateko hori biltzen duen ohiz kanpoko kreditu bat emateko lege-proiektu bat igorri beharko dio Parlamentuari, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2020 Foru Legea aldatzeko, eta foru lege horren bidez arautuko dira funtsa eta banaketa-baldintzak. Kreditua finantzatuko da Toki Ogasunen Partaidetza Funtsari atxikitako diruzaintza-gerakinaren partidaren kargura. PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek zuzenketa horren aurka bozkatu dute.

 

Bestalde, departamentuen arteko edo herri ezberdinetan kokaturiko lantokien arteko mugikortasun geografikoko neurrien alorrean, legeak jasotzen du nahitaezko joan-etorrietarako gastuak ordaindu behar zaizkiela, kontzeptu horretarako ezarritako kantitatean, ukituta suertatzen diren langile publiko guztiei, baldin eta egin beharreko distantzia bost kilometro baino gehiagokoa bada. EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Funtzio publikoaren esparruan segituz, aurreikusten da administrazio-araubidean kontrataturiko langileei haien lanaldiaren luzapena eskaini ahal izatea, lanaldi osoraino iritsi arte, berdin delarik ordeztua den pertsonak bere lanaldi-murrizketa mantentzea. EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Era berean, zehazten da ezen lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldia oro har hamar ordukoa izanen dela, nahiz eta zilegi izanen den zazpira murriztea, txandaren errotazio-aldaketagatik, baldin eta astekako kontaketan bermatu egiten badira eguneko batez besteko 10 orduko atsedenaldi gutxienekoa eta asteko 70 orduko atsedenaldi gutxienekoa. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.

 

Bestalde, 65 urteko adina betetzean erretiroa hartu beharko luketen langileek zerbitzu aktiboan irautea luzatzeari dagokionez, jasota uzten da onargarria izanen dela, baldin eta beharrezkoa bada Covid-19aren ondoriozko osasun-krisiagatiko premia urgenteei erantzuteko; ez beste ezein arrazoirengatik". EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Bigarren Foru Legeari dagokionez, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretutik eratorritako testuari 14 zuzenketa gehitu zaizkio, Navarra Sumak aurkeztutako 1, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako 3, EH Bilduk aurkeztutako 4 eta legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek sinatutako 6 in voce.

 

Hirugarren Sektoreari dagokionez, EH Bilduk aldeztu egin du Navarra Sumaren zuzenketa bat, zeinaren bitartez zenbait neurri hartzen baitira, bideratuak alor horretan diharduten entitateen iraunkortasunari eta sasoitsutasunari laguntzera. Horretarako, hitzarmen eta dirulaguntzak entitate guztientzat malgutzea aurreikusten da, eta ez bakarrik Eskubide Sozialetako eta Migrazio Politiketako departamentuen dirulaguntzak jasotzen dituztenentzat.

 

Alde horretatik, zehazten da ezen osasun-krisialdian zenbait zerbitzu emateari utzi izanak ez duela eragotziko bermeak jartzea dirulaguntza-deialdiek eta dirulaguntza-emateek modua eskain dezaten entitate horiek 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusita dagoen finantzaketa-mailari eusteko.

 

Gizarteratzearen eta desgaitasunaren alorreko elkarte-mugimenduko erakunde sozialei dagokienez, xedatzen da abalen eta jadanik araututa dauden antzeko beste berme batzuen onuradun izan daitezkeela, baldin eta kredituak behar badituzte, edo Covid-19aren krisiaren ondorioz banku-entitateekin kontratatuta dauzkatenen zabalpena behar badute. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.

 

Berriro ere toki entitateei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aipatzen da, zergen kudeaketan aplikatzekoa zaien espezifikotasuna agerian uzteko. Era berean, neurri fiskalak hedatu eginen dira toki entitateek kudeatzen dituzten gainerako zergetara (lehen aurreikusi gabekoak), hala nola ordainagiri bidez kudeatuetara.

 

Geroratzeak izapidetzeko, aukera gisa gehitzen da geroratze horiek ordainagiri bidez kudeatzen diren zergei aplikatu ahal izatea, toki entitateen egutegi fiskalari egokituagoak diren epe batzuk ezarriz. Gainera, tasa eta prezio publikoak itzul daitezen agintzen da, zati bat itzultzeko aukera sartuz eta itzultzeko prozeduraren kudeaketa erraztuz. Hori xedatzen duen zuzenketa, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua, aho batez onetsi da.

 

Beste ildo batean, onetsi egin da genero indarkeriaren biktimentzako harrera-baliabide berriak paratzeko aukera, ulertzen delako premia horri –egonez gero– erantzuteari ezin zaiola diru- edo antolaketa-alorreko eragozpenik jarri, konfinamenduak larriagotu egiten duela kontuan hartuta. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.

 

Foru lege honek jasotzen dituen neurrietako asko salbuespenekoak direnez gero, Gobernuak hamabost egunean behin dokumentuzko informazio egituratua bidali beharko dio Nafarroako Parlamentuari, emandako ahalmen eta baimenen jardunean harturiko neurri ezberdinen exekuzioari buruzkoa, barne harturik haien eraginkortasunari buruzko balioespena, birusari aurre egin eta haren inpaktua osasungintzan, ekonomian eta gizartean samurtzeari dagokionez. Hala xedatzen duen EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Bilkura komunikabiderik gabe egin da, streaming bidez eskaini da eta 10 parlamentari bildu dira, Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta sei talde parlamentarioetako eledunak. Gainerakoek botoa eskuordetu dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin. Gobernuko Lehendakaria, María Chivite, Javier Remírez eta Jose Mari Aierdi lehendakariordeekin izan da.