Parlamentuak gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako patronatukide izendatu ditu Gabriel Hualde eta Mikel Gotzon Saralegi
Kontratazio publikoaren bidez hirugarrenei esleituta egon diren zenbait zerbitzu zuzenean kudeatuko dituen organoan sartuko dira, Geroa Baik eta EH Bilduk proposatuta
Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur Gabriel Hualde Urralburu eta Mikel Gotzon Saralegi Otsakar hautatu ditu gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioko patronatukide izateko. Organo horretan Legebiltzarrak hiru ordezkari izendatzeko eskubidea du, eta bat oraindik izendatu gabe dago, hautagaiak aurkezteko epea otsailaren 18ra arte luzatu baita.
Geroa Baik proposatutako hautagaiak, Hualdek, 10 boto lortu ditu, eta EH Bilduren hautagaiak, Saralegik, 11 boto. 22 boto zuri eman dira. Boto-paperen bidez ezkutuko bozketa egin da ordezkariak hautatzeko, eta parlamentari bakoitzak izen bakarra jarri ahal izan du.
Soziologoa da Gabriel Hualde eta Mikel Gotzon Saralegi gizarte langilea.
Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikita dago, eta zenbait zerbitzu zuzenean kudeatzea du helburu. Zerbitzu horiek, zuzeneko kudeaketarako sortu ziren arren, hirugarrenei esleituta egon dira kontratazio publikoaren bidez. Hala, gizarte zerbitzuetako zentroak eta beste zerbitzu publiko batzuk gainbegiratzeko eta koordinatzeko eginkizunak berreskuratu dira, bai eta adingabeen babesgabetasun kasuetako balorazio teknikoa ere.
Fundazioaren estatutu berrietan, 2018ko abenduaren 26an onetsitakoetan, Nafarroako Gobernuaren gehiengoa bermatzen da, eta haren ordezkariei beste sei patronatukide gehitu behar zaizkie, Nafarroako Parlamentuak eta Gizarte Ongizatearen Nafarroako Kontseiluak izendatu beharrekoak, erdi bana.