Parlamentuak hizkuntza normalizaziorako politikak mugaz bi aldeetan koordinatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari
Euskararen lurraldea osatzen duten eremu politiko-administratiboen arteko lankidetzarako batzorde bateratua eratzea proposatu dio
Parlamentuak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren baiezko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren ezezko botoekin, gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “Europako markoak eskaintzen dituen mugaz bi aldeetako eskemen baitan, zehazki Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa Euroeskualdearen esparruan, hizkuntza normalizaziorako politiken inguruko aholkularitzarako, informaziorako eta lankidetzarako batzorde komuna sortzeko urratsak egin ditzala”.
Koordinazio batzorde horretan sartuko lirateke “Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta HELEP, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko erakunde komuna. Erakunde horiek, beren eskumeneko eremuan, arlo horretan lan egitera deitu ahal izanen dituzte bai euskara sustatzeko lanean ari diren agente edo erakundeak, bai udal esparruko entitateak”.
EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean “funtsezkotzat” jotzen dira “euskararen lurraldea osatzen duten hiru eremu politiko-administratiboen arteko koordinazioa eta elkarlana”. Hori dela eta, dei egiten da “organo betearazle eraginkorrak” taxutzeko, “motor izanen direnak, hizkuntza normalizazioaren erantzukizuna duten erakunde nagusien inguruan”.
Ildo horretan, proposatzaileak honako hau azpimarratzen du: “Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Herri Elkargoa sortzen eta eraikitzen ari den momentu historiko honetan, hiru eremu politiko-administratiboak gaituak eta ahaldunduak izanen dira, lehen aldiz eta berdintasunean, instituzio arteko harremanetan elkarlanean jarduteko eta koordinatzeko, haietako bakoitzaren borondate politikoa halakoa izanez gero”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (25. NPAO, 2017-02-06koa)