Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urriak 15

Parlamentuak Juan Ramón Corpas, Esteban Morrás, Miguel Arrarás, Idoia Sara eta Ubaldo González NUPeko Gizarte Kontseiluko kide izendatu ditu

Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk proposatuta sartu dira gizarteak unibertsitatean parte hartzeko Unibertsitate Publikoak duen erakunde kolegiatuan

Parlamentuak Juan Ramón Corpas, Esteban Morrás, Miguel Arrarás, Idoia Sara eta Ubaldo González NUPeko Gizarte Kontseiluko kide izendatu ditu. Legebiltzarrak kontseiluko bost kide hautatzeko eskumena dauka.

 

Esteban Morrás eta Miguel Arrarásek, PSNk eta Geroa Baik aurkeztuta hurrenez hurren, 49na boto lortu dituzte. Juan Ramón Corpas Navarra Sumaren hautagaiak 42 boto lortu ditu. Bai Idoia Sara EH Bilduren hautagaiak bai eta Ubaldo González Podemos-Ahal Duguren hautagaiak 29 boto lortu dituzte.

 

Hautaketa isilpeko bozketaren bidez egin da, boto-txartelen bitartez. Arauek zehaztu bezala, gutxienez Legebiltzarreko kideen gehiengo osoa (26 boto) lortu duten hautagaiak izan dira hautatuak.

 

Kide berriek 2013ko azaroaren 14an Legebiltzarrak izendatutako Verónica Ferrira, María Kutz, Camino Paredes eta Félix Taberna ordezkatuko dituzte. Ubaldo Gonzálezek, aitzitik, kargua berretsi du. 2016ko otsailaren 25ean izendatu zuten.

 

Juan Ramón Corpas Mauleón (Lizarra, 1952) medikua da, Kultura eta Turismo kontseilaria izan zen 2003 eta 2011 bitartean.

 

Esteban Morrás Andrés (Sesma, 1958) Zuzenbidean lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean eta adimen artifizialean eta energia berriztagarrietan aditua.

 

Miguel Arrarás Paños (Iruña, 1959) industria ingeniaría da, energía berriztagarrietan aditua.

 

Idoia Sara Pérez (Iruña, 1971) irakaslea da eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Formakuntza eta Kalitate Saileko burua.

 

Ubaldo González Delgado (Las Palmas de Gran Canaria, 1956) Emausko Traperoen zuzendaria da, eta bertan 21 pertsona bizi dira gizarteratze-prozesuan

 

Gizarte Kontseilua gizarteak unibertsitatean parte hartzeko duen erakunde kolegiatua da, eta bere eginkizuna nafar erakunde eta gizartearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko harremanak sustatzea da.

 

Hemeretzi mahaikidek osatzen dute, eta honela banatuta daude: Nafarroako interes sozialak ordezkatzeko hamahiru kide eta Unibertsitateko komunitatearen sei ordezkari. Hauek dira errektorea, idazkari nagusia, gerentea eta Gobernu Kontseiluko hiru kide. Nafarroako interes sozialak ordezkatzeko hamahiru kideetatik bost Nafarroako Parlamentuak izendatzen ditu, lau Nafarroako Gobernuak eta gainerakoak sindikatu edo empresa nagusiek.

 

Gizarte Kontseiluaren eginkizunak dira jarduera ekonomikoak, zerbitzuen errendimendua eta kalitatea, erakunde plangintzaren eta garapenaren jarduerak ikuskatzea, gizartearen lankidetza sustatzea Unibertsitatearen finantzaketan eta harremanak bultzatzea gizartearekin.