Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Otsailak 3

Parlamentuak Kolonbiako Gatazkaren Behin Betiko Amaierarako Akordioaren alderdi guztiak gauzatzeko eskatu ditu gobernuei

Kolonbian izango diren hauteskunde-prozesuak behatzen parte hartzeko eskatu die Espainiako Gobernuari eta EBri

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean, Legebiltzarrak “gobernu desberdinak premiatzen ditu aldarri publikoa egin dezaten, sinatu zenetik bost urte igarota, gatazka behin betiko amaitzeko akordioaren elementu guztiak oso-osorik betetzearen aldekoa, herrialdean bake justua eta iraunkorra posible egite aldera”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioaren alde bozkatu dute eta Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan Nafarroako Parlamentuak “gobernu desberdinak premiatzen ditu duda-mudarik gabeko babesa eman diezaioten bake prozesuari eta, bereziki, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta errepikapenik ezaren bermerako sistema integralari, zeinen parte baitira Egia Argitzeko Batzordea, Bake Jurisdikzio Berezia eta Desagertutzat emandako Pertsonak bilatzeko Unitatea”. Atal honetan ere, Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Jada hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak “Espainiako Gobernua eta Europar Batasuna premiatzen ditu balio demokratikoak interes ekonomiko pribatuen gainetik jar ditzaten eta, hartara, jarrera proaktiboagoa har dezaten eta beren ahalmen diplomatiko guztia balia dezaten Kolonbiako Gobernuaren aitzinean, Bake Prozesurako oztopoak desagerrarazteko”. Navarra Suma eta PSN abstenitu egin dira

 

Azkenik, aho batez, Legebiltzarrak “Espainiako Gobernua eta Europar Batasuna premiatzen ditu inplika daitezen Kolonbian 2022an egin beharreko hauteskunde-prozesuetako nazioarteko begiraleen jardunean, giza eskubideen zenbait. erakundek jada salaturiko boto-erosketa masiboa agerian jartzeko eta eragozteko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako erabaki horrek Kolonbian 2021eko apirilaren 28tik maiatzaren 25era bitarteko lanuzte nazionalaren esparruan egindako “protesta sozial baketsuen errepresioa” aipatzen du, eta bitarte horretan “indar publikoak giza-eskubideen urraketa larriak” burutu zituela salatzen du.

 

Horiek horrela, eta Nazio Batuen Erakundeak Kolonbian duen Goi-komisarioaren Bulegoak, Giza Eskubideen Batzorde Inter-amerikarrak, Amnistia Internazionalak eta giza-eskubideen aldeko beste erakunde askok helarazitako "kezka" agertu ondoren, proposatzaileek diote 42 manifestari hil direla, 168 pertsona jo direla desagertutzat eta 1.106 atxilotu dituztela. Gainera, “erasoak, atxiloketa arbitrarioak eta kazetarien informazio materialaren errekisa” salatzen dute, bai eta “Nazio Batuen ordezkari talde baten kontrako erasoa” ere.

 

Azkenik, mobilizazioak “baketsuak” izan zirela azpimarratu ondoren, Kolonbiako Gobernua gaitzesten da, uko egin diolako Giza Eskubideen Batzorde Inter-amerikarra –kontinente amerikarrean giza-eskubideen sustapenaz eta babesaz arduratzen den erakundea– bisitan hartzeari.