Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Martxoak 22

Parlamentuak lankidetzarako esparru akordioa sinatu du UNEDekin elkarren intereseko jarduerak egiteko

Horrenbestez Legebiltzarrak osatuta dauka Iruñean egoitza duten unibertsitateekiko lankidetzarako sarea

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Iruñeko UNED Zentro Elkartuko zuzendari Teresa Imizcozek bi erakundeen arteko lankidetzarako lehen esparru akordioa sinatu dute gaur, elkarren intereseko ekintzak eta jarduerak abian jartzeko oinarri izanen diren jarduketa-ildoak ezartze aldera, gerora berariazko hitzarmenetan zehaztu beharko direnak.

 

Zenbait lankidetza mota aurreikusten dira. Besteak beste, “azterlan, proiektu edo programa juridikoak, sozialak edo politikoak egitea” edota “ikastaro, hitzaldi, mintegi eta jardunaldiak antolatzea, elkarren onurako gaiei buruzko lan eta laguntza teknikoez gainera”.

 

Egokitzat jotzen diren lankidetza-jarduerak bultzatzeko eta koordinatzeko, jarraipen batzorde tekniko bat sortuko da. Erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta haren eginkizuna izanen da egin beharreko hitzarmenak proposatzea, aurrez aztertuta.

 

Esparru akordioak sinatu den unean hartu du indarra, eta urtero luzatuko da, alderdiren batek kontrakoa erabaki eta bi hilabete lehenago hala adierazi ezean.

 

Lankidetzarako esparru akordioa sinatu eta gero, Unai Hualde eta Teresa Imizcozek  esan dute “pozik” daudela akordiorako borondatea gauzatu izanaz, eta espero dutela hura mesedegarria izatea ikasleentzat, talde politiko, sindikal eta sozialentzat eta herritar ororentzat.

 

Hain zuzen ere, Teresa Imizcozek esan du Iruñean egoitza duten unibertsitateetatik UNEDek bakarrik eskaintzen dituela Administrazio eta Politika Zientziako Graduko ikasketak, eta, hori horrela, bi alderdientzat interes handikoa izan daitekeela ikasgelaren eta errealitate politiko eta instituzionalaren arteko zubiak egitea”.