Parlamentuak Mañeru eremu mistoan sartzeko Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legea aldatzea baztertu du
Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, eta Parlamentuko gainerako taldeek errealitate linguistikoaren eboluzioan oinarrituta Mañeruko udalak egindako eskaera babestu dute
Parlamentuaren osoko bilkurak, Navarra Suma eta PSNren aurkako botoekin, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5.b) artikulua aldatzeko foru lege proposamena baztertu du gaur. Mañeru herria eremu mistoan sartzea zen helburua, hala eskatu baitzuen Udalbatzak osoko bilkuran aho batez hartutako erabakian. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdien babesa ez da nahikoa izan udalerria eremu ez-euskaldunetik ateratzeko.
Mañeruko Udalak bultzatutako eskakizunak “errealitate linguistikoaren bilakaera” aipatzen zuen, 2010ean eta 2017an eremu mistoa zabaltzeko oinarri izan zena. Era berean, “eskola-matrikulazioari buruzko datuak” eta “azterketa soziolinguistikoak” eskaintzen zituen, baita “argudio historikoak” ere, eskaeraren sendotasuna justifikatzeko.
Irakurraldi bakarrean izapidetuta, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duten eta gehiengo osoa behar duen foru lege proposamena baztertu egin da, eta beraz, 2017ko ekainaren 22tik, azken eguneratzetik indarrean dauden terminoetan mantenduko da eremu mistoa.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 5.1. artikuluko b) letrak biltzen dituen udalerriak hauek dira:
“b) Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua: Abaigar, Abartzuza, Adios, Agoitz, Allin, Ameskoabarrena, Antsoain, Antzin, Añorbe, Aranaratxe, Aranguren, Arellano, Artazu, Artzibar, Atarrabia, Barañain, Bargota, Beraskoain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Bidankoze, Bidaurreta, Biurrun-Olkotz, Burgi, Burlata, Cabredo, Deierri, Deikaztelu, Eguesibar, Eneritz, Erriberri, Erronkari, Espartza Zaraitzu, Etxarri, Etxauri, Eulate, Ezkabarte, Ezkaroze, Galar Zendea, Galoze, Garde, Gares, Garinoain, Gesalatz, Goñerri, Gorza, Iruña, Itza Zendea, ltzagaondoa, ltzaltzu, lzaba, Jaitz, Jaurrieta, Larragoa, Leotz, Lerga, Lezaun, Lizarra, Lizoain-Arriasgoiti, Longida, Mañeru, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Nazar, Obanos, Odieta, Oibar, Olaibar, Ollaran, Oltza Zendea, Orkoien, Orontze, Orotz Betelu, Oteitza, Otsagabia, Puiu, Sartze, Tafalla, Tebas-Muru Artederreta, Tirapu, Txulapain, Uharte, Untzue, Urraulbeiti, Urrotz-Hiria, Urzainki, Uxue, Uztarroze, Villatuerta, Zabaltza, Zangoza, Zirauki, Ziritza, Zizur Zendea, Zizur Nagusia eta Zuñiga.
Eremu misto hori automatikoki hedatu ahalko da Noain-Elortzibarko udalerrira, baldin eta toki korporazio horretako osoko bilkurak aurretiaz eta gehiengo osoz hartzen badu horretarako erabakia. Erabaki horrek eragingarritasun osoa izan dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (3. NPAO, 2023-02-10ekoa)