Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Martxoak 26

Parlamentuak Miguel Cuesta González hautatu du Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide izateko

PSNk proposatuta, Fundazio bereziaren gobernu, administrazio eta ordezkaritza organora batuko da

Parlamentuaren osoko bilkurak Miguel Cuesta González aukeratu du gaur Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide izateko. Organo horretan, Ganberak bost ordezkari izendatzeko eskubidea du, 2/2014 Foru Legea 2022an aldatu aurretik zegozkionak baino bi gehiago. 

 

PSNk proposatuta, Miguel Cuesta González abokatuak eta Osasunako zuzendaritza-batzordeko kide ohiak 30 boto lortu ditu, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen babesarekin. 20 boto zuri erregistratu dira, UPN, PPN, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren eserleku kopuruarekin bat datozenak.

 

Bozketa sekretua egin da boto-paperen bidez, eta Cuesta Gonzálezena izan da aurkeztutako hautagaitza bakarra. Pilar Aramburo ordeztuko du.

 

Fundazioaren estatutuen 16.3.c artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lanpostu hutsak betetzeko izendatutako pertsonek agintaldia amaitu arte geratzen den denboran beteko dute kargua, eta ez da beste 6 urteko aldi oso bat hasiko. Kasu honetan, lanpostu hutsari dagokion agintaldia 2022ko uztailaren 4an hasi zen, eta 2028an amaitzea aurreikusten da; beraz, Miguel Cuestak egun horretara arte beteko du kargua.

 

Patronatuko kideen osaera “ahalik eta paritarioena” izanen da, eta burua kideen artean hautatzen da gehiengo osoaren bidez bozketa sekretuan.

 

Fundazioaren gobernuan, ordezkaritzan eta administrazioan dauzkaten ahalmenez gainera patronatukideek fundazio berezia sortu duen entitatea eratu zenetik sortutako dokumentazioa zaintzen dute, eta horren barruan sorburuaren arabera dagozkien egin beharreko berreskuratze-kudeaketak eginen dituzte.

 

Gainera, dokumentazioa eskuratzeko protokoloa prestatu beharko dute, zaintzapean dauzkaten agiriak Parlamentuaren eta Nafarroako gainerako erakunde publikoen esku jartzeko.

 

Estatutuen arabera, Patronatua bederatzi kidek osatuko dute. Horietatik bost Parlamentuak izendatzen ditu, Nafarroako Gobernuak hiru patronatukide izendatzen ditu eta Udalak gainerakoa izendatzen du.

 

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Zenbait fundazioren zuzendaritza organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legearen aldaketa onetsi zuen 2022an aho batez, egungo errealitate juridiko eta sozialarekin bat etorriz, kontrol eta parte-hartze publiko handiagoa erraztuko duen araubide berri bat lortzeko, gardentasun-arauekin bat etorriz.

 

Jatorria eta berezitasuna kontuan hartuta, Parlamentuak egokitzat jo zuen Nafarroako Kutxa Fundazioari (CANen oinordekoa) fundazio arrunten araubidea ez den beste bat ematea, behin aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzeari utzi ondoren.