Parlamentuak Nafarroako Foru Berriaren erreformari buruzko jardunaldia antolatu du datorren ostiralerako
Asmoa da apirilaren 4ko 21/2019 Legearen ebaluazio juridikoa egitea (Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko Legea)
Datorren ostiralean, hilaren 13an, Nafarroako Parlamentuan Nafarroako Foru Berriaren erreformari buruzko jardunaldia eginen da; ekitaldia Iura Vasconiae fundazioarekin batera antolatu da eta 15 ponentzia izanen dira guztira.
Jardunaldiaren xedea apirilaren 4ko 21/2019 Legearen ebaluazio juridikoa egitea da (Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko Legea). Hizlariek azalduko dute non kokatzen den Nafarroako foruen erreforma, 1978az geroztik jurisdikzio zibileko legegintzako eskumenak dauzkaten autonomia erkidegoetan egin diren guztiekin alderatuta.
Gainera, jardunaldian izanen diren adituek erreformaren aurrekarien berri emanen dute, eta erregioen arautegien arteko gatazkez eta Nazioarteko Zuzenbidearen eta Batasuneko Zuzenbidearen eraginaz arituko dira. Esan den bezala, jardunaldiaren muina Foru Berrian (lau liburuak eta atariko liburua) egin diren funtsezko aldaketak azaltzea eta baloratzea izanen da.
Jardunaldiaren amaieran hausnarketa eginen da Europako kodearen bilakaeraren inguruan, eta arreta bereziarekin aztertuko dira arlo zibileko legerietan maiz gertatzen diren aldaketak.
Jardunaldiaren irekiera-ekitaldian (Erabilera anitzeko aretoa, 9:15) Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, eta Iura Basconiae fundazioaren ordezkaria, Gregorio Monreal, ariko dira.
Irekiera-ekitaldia amaitutakoan goizeko saioa hasiko da: Jesús Delgadok (Zaragozako Unibertsitatea) Kodetzea, Kode Zibila eta eskubide zibilak eta foralak izenburuko hitzaldia emanen du (9:30); Jacinto Gil (EHU) aurrekariez ariko da: Nafarroako erreformaren aurrekaria: 5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa (10:00); Gorka Galiciak (EHU) honen inguruan hitz eginen du: Kode Zibileko oinordetza-araubidearen erreformarako proposamena (10:30); Ana Clara Villanuevak (NUP) Foru Berriaren erreformak 1975-2019 aztertuko ditu (11:30); Esther Erice (Nafarroako Probintzia Auzitegia) Erreformaren aurrekariak: maiatzaren 17ko 9/2018 Foru Legea (12:00) gaiaz ariko da; María Ángeles Egusquizak (NUP) Atariko liburua izanen du hizpide (12:30); azkenik, Matías Ruizek (notarioa) lehen liburuaz hitz eginen du: Lehen liburua. Pertsonak eta familia (13:00). Ondoren eztabaida egonen da. Moderatzaile-lanetan Itziar Alkorta (EHU) eta Miguel Ángel Abarzuza (NJAN) ariko dira.
Arratsaldeko saioko lehenengo hizlaria Javier Nanclares (Nafarroako Unibertsitatea) izanen da; honako gai hau izanen du hizpide: Bigarren liburua. Dohaintza eta oinordetzak (16:00). Elsa Sabater (NUP) hirugarren liburuaz ariko da: Hirugarren liburua. Ondasunak (16:30). Teresa Hualdek (NUP) laugarren liburuaz hitz eginen du: Laugarren liburua. Betebeharrak, estipulazioak eta kontratuak (17:00). Roldán Jimeno (NUP) honako gai honetaz mintzatuko da: Foru Berriari buruzko iritziak historian zehar: iturriak eta erakundeak (17:30). Alicia Chicharrok (NUP) Gorteak eta ezkontza-zuzenbidea jorratuko ditu. Nere Jone Intxaustegik (NUP) gauza bera eginen du honako gai honekin: Nazioarteko Zuzenbidea eta Batasuneko Zuzenbidea Foru Berriaren erreforman (18:30). José Luis Iriartek (NUP) lege-gatazkak landuko ditu: Legeen inguruko nazioarteko eta erregio arteko gatazkak. Gatazkei buruzko araua (19:00). Azkenik, Esther Arroyok (Bartzelonako Unibertsitatea) balorazioa eginen du honako gai honetaz: Norantz doa Europako Zuzenbide Zibila? (19:30). Moderatzailea Isabel Urzainqui abokatua izanen da.