Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 8

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu du eremu publikotik amiantoa kentzeko protokoloa presta dezan hilabeteko epean

Amiantoa kentzeko plan operatibo bat eskatzen da, ekintza zehatzak, kronograma, aurrekontu konpromisoak eta arriskuei buruzko informazio kanpainak zehaztuz

Osasun Batzordeak gaur aho batez onetsi duen erabaki batean Parlamentuak Osasun Departamentua premiatzen du “gehienez ere hilabeteko epean eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) elkarlanean amiantoa kentzeko protokolo bat presta dezan, material hori eremu publikoan uzten den kasuetarako”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Parlamentuak Foru Gobernua premiatzen du “informazio kanpainak bultza ditzan herritarrak kontzientziatzeko amiantoa behar den bermerik gabe erabiltzeak eta biltegiratzeak osasun publikorako eta ingurumenerako dakartzan arriskuez, bai eta hondakin horiek eremu publikoan, naturaguneetan edo baimendu gabeko beste edonon uztea legez kanpokoa izateaz ere”.

 

Bestalde, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dei egiten zaie “hilabeteko epean aktiba ditzaten bizitegietatik amiantoa kentzeko behar diren laguntzak. Eta bi hilabeteko epean aktiba dezaten Enpresetan Amiantoaz Arduratzeko Programa, Lan Osasunaren Planaren barnean prestatzen ari dena”. EH Bilduk atal hori gehitzeko zuzenketa aurkeztu du, eta PSNk onartu egin dio.

 

Gainera, kasu honetan, Nafarroa Sumak proposatuta, Foru Gobernuari eskatzen zaio “amiantoa kentzeko plan operatibo bat egin dezala Nafarroan, ekintza zehatzak, kronograma eta aurrekontuetako konpromisoak zehaztuz”.

 

PSN talde parlamentarioak bultzatu du erabakia. Zioen azalpenean adierazten du osasunerako “arrisku larriak” dakartzala amianto zuntzak “manipulatu eta arnasteak”, eta, horren harira, material toxiko hori kendu eta garraiatzeko berariazko protokoloa egin dadila eskatu du, maiz utzi izan baita eremu publikoan edo naturaguneetan.

 

Horretarako, amiantoarekiko esposizioa eta baimenik gabeko biltegiratzea eragozteko, proposatzaileak bere egiten du biktimen elkarteen eskaria, hau da, administrazioen arteko protokolo bat egin dadila, material toxiko hori lehenbailehen kentzeko, modu koordinatuan eta prebentzio neurri egokiak hartuta.

 

Bilkurako burua Nuria Medina izan da (Navarra Suma talde parlamentarioa). Gainera, honako hauek ere izan dira: Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte, Marta Álvarez, Ángel Ansa, Raquel Garbayo, Elena Llorente (Navarra Suma talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Patricia Fanlo (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (I-E talde Mixto).

 

Podemos-Ahal Dugu ez da izan.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (26. NPAO, 2022-02-25ekoa)