Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Otsailak 17

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du herritarrek Nafarroako Osasun Zerbitzuarekiko izan duten konfiantza berreskuratzera

Ahalik eta azkarren krisiaren kudeaketa azter dezala eskatzen dio, profesionalen egoera zuzendu lanaren, ordainsarien eta gogoaren aldetik, eta Nafarroak behar duen osasun eredua zehatz dezala

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi duen erabaki batean, Legebiltzarrak Nafarroako Gobernua premiatzen du “herritarrek osasun sistema publikoarekiko izan duten konfiantza berreskura dezan, balioan jarriz osasun arloko langileen ahalegina, konpromisoa eta egindako lan ona, pandemian zehar kudeaketan zuzen egindakoak errebindikatuz eta plan bat proposatuz neurri zehatzekin, batzuk talka-neurriak eta beste batzuk epe ertainekoak, zuzentze aldera pandemiaren ondorio larrienak eta mingarrienak”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Foru Gobernuari eskatzen zaio “osasun gaietarako komunikazio sistemak hobetu ditzan eta osasun arlorako komunikazio estrategikoaren plan bat diseina eta bultza dezan, gardentasunez eta zuhurtziaz, alferrikako alarmarik zein itxaropen hutsalik sortu gabe”.

 

Jada hirugarren atalean, gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “osasun arloan lidergo handiagoa eduki dezan. Nafarroako osasunerako nahi duen eredua zehatz dezan, zain dugun osasunari buruzko legearen bidez”.

 

Gainera, hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Oinarrizko Osasun Laguntzaren alorrean hartutako neurriak egonkortu, langile sanitario eta ez-sanitario gehiago jarri (administrariak, medikuak, pediatrak, erizainak, Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako teknikariak, fisioterapeutak, psikologoak, hezitzaileak eta gizarte-langileak), ebazte-gaitasuna areagotzen duten baliabide teknikoak ezarri, onbideratzea eta psikologia hurbildu edo osasuneko azpiegitura gehiago jarri eta Oinarrizko Laguntzari buruzko Ekintza Planaren ezarpena azkartu”. PSN eta I-Ek aurkeztu duten ordezteko zuzenketa baten emaitza da atal hau, Geroa Baik, ekimenaren titularrak, onartu baitu. Navarra Sumak aurkako botoa eman dio atal honi.

 

Esparru horretan, eta berriz ere Navarra Sumaren abstentzioarekin, Nafarroako Gobernua premiatzen da “jadanik sortu den Adituen batzorde independentearen jarduera bultza dezan. Batzordea ospea duten izendapen publikoko profesionalek osatzen dute, segidako olatuetan erabilitako estrategiak ebaluatu eta auditatzeko”.

 

Halaber, Foru Gobernuari eskatzen zaio lehenbailehen egin dezala “seroprebalentziari buruzko beste azterlan bat, herritarren artean oro har eta profesional sanitario eta soziosanitarioen artean bereziki, ahalik eta gertuenetik ezagutzeko gure erkidegoko errealitate pandemikoa”. Atal hau eta hurrengo biak aho batez onetsi dira.

 

Eskatzen zaio, bestalde, “ahalik eta azkarren ekin diezaion, osasun ereduari buruzko edozein eztabaidaren emaitzaren zain geratu gabe, osasun arloko profesionalen egoerari, lanaren, ordainsarien eta gogoaren aldetik dituzten baldintzei begira”.

 

Azkenik, Foru Gobernua bultzatzen da “NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren lidergoa indartu eta bultza dezan, COVID-19aren gaur egungo egoeran zein etorkizuneko pandemietan erabakiak hartzerakoan”.

 

Geroa Bai talde parlamentarioak sustatu du erabakia. Zioen azalpenean argudiatzen du une egokia dugula “eztabaida ireki” eta “zenbait estrategia berrikusi eta akatsak zuzentzeko; izan ere, Omicron aldaeraren kutsatze ahalmen handiari lotutako lan-zamak kinka larrian jarri ditu Oinarrizko Osasun Laguntza eta, ondorioz, osasun sistema osoa”.

 

Aurrekoaren harira, eta oraindik ere “zuhurtziaz”, honako hau azpimarratzen da: “Pandemiaren amaierako agertoki honetan analisia egin beharra dago krisiaren kudeaketaz eta etorkizuneko Nafarroak behar duen osasun ereduaz”.