Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 8

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ijitoen herriaren historia eta kultura sar ditzan hezkuntza-curriculumean

Aurreiritziak gainditzen eta sistema inklusibo eta integratzaile baterantz aurrerabidea egiten lagunduko duen aintzatespen sozial gisa

Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “ijitoen herriaren historia eta kultura sar ditzan Nafarroako hezkuntza-curriculumean”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuak, berriz, Espainiako Gobernua premiatzen du “ijitoen herriaren historia eta kultura jaso ditzan hezkuntza-curriculumean, bere eskumenen esparruan”.

 

Halaber, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeen eskariz gehitu den hirugarren atalean, Legebiltzarrak “aintzat hartzen du La Majarí, La Romaní, Gaz Kaló Federazioa edo Ijitoen Idazkaritza bezalako erakundeek haur eta gazte ijitoen hezkuntza-sustapenaren alde egindako lana”.

 

Baztertu egin da PPNk in voce aurkeztutako zuzenketa, Foru Gobernuari eskatzen ziona “arlo anitzeko lantalde bat sor dezala, erabiliko diren material didaktikoak taxutzeko, material horiek 2017-2018 ikasturterako egon daitezen Nafarroako ikasleen eskura”. UPNren babesa ez da nahikoa izan, Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek aurka bozkatu eta Podemos-Ahal Dugu eta PSN abstenitu egin baitira.

 

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E taldeek sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean adierazten denez, ijitoen herriaren kultura eta historia curriculumean jasotzea “aintzatespen soziala” izanen da, eta, “motibatzeko” elementua izateaz gain, “aurreiritziak gainditzen eta hezkuntza-sistema inklusibo eta integratzaile bat eratzen” lagunduko du.