Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lan-hitzarmen bat taxutzea bultza dezan zahar-etxeetako, eguneko zentroetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileentzat
Maiatzean negoziazio-mahaia eratu zenetik aurrerabiderik egin ez izana deitoratzen du eta pandemiako gehiegizko esfortzuaren ondorioz lan-baldintzak okerrera egin dutela ohartarazten
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki baten bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “era aktiboan jardun dezan negoziazioan eta hitzarmena lehenbailehen taxutzea bultza dezan”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Foru Legebiltzarrak “patronalari exijitzen dio langileen ordezkariekin eskuz esku lan egin dezan hitzarmenaren garapenean aurrerabidea egiteko”.
Halaber, hirugarren atalean jada, Legebiltzarrak “aintzatetsi egin nahi du sektoreko profesionalek egindako lana, eta hartara helarazi nahi die bere elkartasuna eta babesa dutela eta prest dagoela sektoreko lan-baldintzak hobetzea sustatzeko eta aldezteko”.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak “eredua aldatzearen alde lan egiteko konpromisoa duela dio; halatan, pertsona erdigunean jarriko duen eredua garatuko duten kalitatezko zerbitzu publikoak hobetzea, handitzea eta ezartzea bultzatuko du”.
Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “egoitza-plazak, eguneko egonaldiak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak kudeatzeko Esparru Hitzarmen berria lehenbailehen onartu eta lizitatzeko, orain indarrean dagoenaren ordez”. Puntu hau Geroa Bairen gehitze-zuzenketa baten emaitza da, ekimenaren titular den PSNk onartutakoaren ondorioa.
EH Bildu talde parlamentarioak sustatu du erabakia. Zioen azalpenean deitoratu egiten da aurrerabiderik egin ez izana zortzi hilabetean, iragan maiatzean negoziazio-mahaia eratu zenetik patronalaren, ordezkaritza handieneko sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren artean. Ildo horretan, lan-baldintzak “homogeneizatu, hobetu eta duintzera” presatzen du, “ezinbestekoa” den sektore horren egoerak “okerrera egin baitu pandemiako gehiegizko esfortzuaren ondorioz”.
Hori dela-eta, Nafarroan adinekoak artatzen dituzten langileen lan-harremanak arautzeko hitzarmen autonomikorik gabe, “alde handia dago langileen artean lan- eta soldata-baldintzetan”, eta “langile gehienek lan- eta soldata-baldintza oso prekarioak dauzkate”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (3. NPAO, 2022-01-18koa)