Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Otsailak 3

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du minbizia duten pertsonen premiazko zenbait beharrizan aintzat har ditzan

“Tresnak eta baliabideak” eskatzen dizkio ahalik eta azkarren “arreta integratu eta integrala” bermatzeko, azken bi urteetan izandako atzerapena zuzenduz

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean, Legebiltzarrak Nafarroako Gobernua premiatzen du “umetokiaren lepoko minbiziaren detekzio goiztiarreko populazio-programa bat abiaraz dezan, gehienez ere bi hilabeteko epean”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu egin dira, eta Navarra Sumak eta EH Bilduk alde bozkatu dute.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Berreskura dezan bularreko minbiziaren eta koloneko minbiziaren detekzio goiztiarreko programetan azken bi urteetan izandako atzerapena, gehienez ere sei hilabeteko epean”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu dira, eta Navarra Suma eta EH Bilduk alde bozkatu dute.

 

Bestalde, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “tresnak eta baliabideak eskain ditzala Nafarroan minbizia dutenei arreta integratu eta integrala bermatzeko”. Aho batez onetsi da.

 

Foru Gobernua premiatzen da, halaber, “Nafarroan gaixo onkologikoendako arreta jarraitua ezar dezan, gehienez ere bi hilabeteko epean”. Aho batez onetsi da.

 

Esparru horretan, Nafarroako Gobernua premiatzen da “minbizi hereditarioa duten pertsonei arreta emateko programa bat ezar dezan, gehienez ere hiru hilabeteko epean”. Aho batez onetsi da.

 

Halaber, ahalik eta azkarren “zerbitzuen zorroa ezar dezan bermatze aldera minbizia dutenendako medikuntza pertsonalizatua abiarazten dela, gehienez ere hiru hilabeteko epean”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu dira, eta Navarra Suma eta EH Bilduk alde bozkatu dute.

 

Hau ere eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari: “Zorro osagarrian sar ditzan tratamendu onkologikoaren ondoriozko aho-hortzetako arreta eta prestazioak, gehienez ere hiru hilabeteko epean”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu dira, eta Navarra Suma eta EH Bilduk alde bozkatu dute.

 

Esparru horretan, Foru Gobernua bultzatzen da “arautu dezan dieta eta egonaldirako prestazioen igoera, O-NOZeko profesionalek bidalita Osasun Sistema Nazionaleko ospitaletan kontsulta jaso eta ospitaleratu behar duten haur nafarren bi guraso edo seniderendako, gehienez ere hiru hilabeteko epean”. Aho batez onetsi da.

 

Halaber, “zaintzaileari laguntza emateko programa bat prestatu eta abiaraz dezan, gehienez ere hiru hilabeteko epean”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu dira, eta Navarra Suma eta EH Bilduk alde bozkatu dute.

 

Azkenik, Foru Gobernuari eskatzen zaio “minbizia duten gaixoei arreta integratua emateko prozesuen ebaluazio integralerako sistema bat prestatu eta abiaraz dezan, gehienez sei hilabeteko epean”. Aho batez onetsi da.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako erabaki horren zioen azalpenak dio, ekimenaren arrazoi gisa, ez dela bete 2019ko abenduaren 19ko osoko bilkuran aho batez onetsi zen erabaki bat, Nafarroako Gobernuari 24 hilabeteko epea eman ziona Minbiziari aurre egiteko Arreta Plan Estrategiko bat taxutzeko.

 

Hori dela-eta, proposatzaileak dio badagoela zer hobetu arreta goiztiarrean eta presako beharrizanetarako arretan, eta bi arlo horiek konpondu behar direla, “ekidite aldera pertsona askoren osasunari eragin diezaioketen kaltea”.