Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Apirilak 7

Parlamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin 2021erako duen lankidetza-hitzarmena berritu du

Eztabaidarako Ikasgelako eta Iritzi Publikoko Katedrako jarduerei eusten zaie, baita NUPeko irakasle eta ikertzaileen eskutik aholkularitza-ekintzei ere

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok gaur sinatu dute bi erakunde horiek 2021ean hainbat zabalkunde-jarduera egite aldera adostu duten hitzarmena.

 

Hitzarmena txertatuta dago Parlamentuak eta NUPek nork bere helburuak lortzeko moduko ekintzen abiarazpena bideratzearren 2001eko ekainaren 11n sinatu zuten lankidetzarako esparru-akordioan.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-modalitateen artean daude, besteak beste, "izaera juridiko, sozial edo politikoko azterlanak, proiektuak edo programak egitea" eta "ikastaroak, hitzaldiak eta jardunaldiak antolatzea".

 

Zehaztutakoaren arabera, gaurkotasunak erakusten du “egokia dela gizartearen inguruko azterlanak egitea, ordezkari publikoak herritarrekin konektatzeko eta egoeraren araberako azterketa bat izateko, politika publikoen definizioa eta hobekuntza haren eskaeretara egokitzeko".

 

Horregatik, hitzarmenak Zuzenbidekoak eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzekoak diren unibertsitarioen eta parlamentarien arteko topaketak jasotzen ditu, eta azken urteetako formatuari eustearen aldeko apustua egin da: hots, zuzeneko solaskidetza, xedetzat duena forudunei eta haien lanari buruzko ikuspegi osoagoa erraztea.

 

Eztabaidarako Ikasgela ere jasotzen da hitzarmenean (22.650 euroko zenbatekoarekin); izan ere, kultura politikoari buruzko hausnarketarako gune bat izanen da, eta toki-mailako hainbat lehiaketa bilduko ditu (Unibertsitate Eztabaidako XX. Liga, Euskarazko VIII. Eztabaida Txapelketa). Era berean, estatu-mailako lehiaketetan parte hartzea aurreikusten du (Unibertsitateen G9 Taldearen Unibertsitate Eztabaidako XII. Liga, G9 Taldearen VI. Hitzaldi Txapelketa), Eztabaida Klubari jarraipena ematen dio (hastapen-maila eta maila aurreratua), eta finkatu egiten du modalitate horrek unibertsitateaurreko eremura izandako hedapena (Batxilergoko Eztabaidaren XII. Txapelketa), aurten euskarazko hiru talde izateko aurreikuspenarekin.

 

Aholkularitzaren arloan, NUP konprometitzen da Nafarroako Parlamentuko liburutegiari bidaltzera Zuzenbidearekin, Gizarte Zientziekin eta Nafarroari berariaz lotutako beste gai batzuekin lotuta egiten dituen argitalpenak.

 

Eremu horretan, NUPek bere irakasle eta ikertzaileak jarriko ditu Nafarroako Parlamentuaren esku, saio monografikoen bidez konplexutasun bereziko gaietan aholkularitza eman dezaten.

 

Bestalde, eta hitzarmen espezifiko baten xede bada ere (26.349,35 euro), eutsi egiten zaio Iritzi Publikoaren eta Gizarte Berrikuntzaren Parlamentuko Katedrari, zeina arduratuko baita, jadanik ohikoa denez, Iritzi Publikoaren Barometroa (Navarrometroa) lantzeaz, gizarte interesa duten gaien inguruko ikerketak egiteaz eta hauek zabaltzeaz, eta Gradu Amaierako Lan edo Graduondoko Amaierako Lan hoberenarentzat sari bat antolatzeaz.

 

Hitzarmena sinatu ondoren –48.999,35 euroko gehieneko aurrekontua du– , Unai Hualdek eta Ramon Gonzalok "poza" adierazi dute, "urte askoan" iraun dezala espero duten "harreman onuragarriari jarraipena" ematen diolakoan. Era berean, “Nafarroako Parlamentua gazteriari hurbiltzeak” duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute.