Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Uztailak 4

Parlamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin 202rako duen lankidetza-hitzarmena berritu du

Eztabaidarako Ikasgelako jarduerei eta ikasle eta parlamentarien arteko topaketei eusten zaie, baita Iritzi Publikoko Barometroari ere

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok gaur sinatu dute bi erakunde horiek 2022an hainbat zabalkunde-jarduera egite aldera adostu duten hitzarmena.

 

Hitzarmena txertatuta dago Parlamentuak eta NUPek nork bere helburuak lortzeko moduko ekintzen abiarazpena bideratzearren 2001eko ekainaren 11n sinatu zuten lankidetzarako esparru-akordioan.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-jardueren artean daude, besteak beste, Zuzenbidekoak eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzekoak diren unibertsitarioen eta parlamentarien arteko topaketak , eta azken urteetako formatuari eustearen aldeko apustua egin da: hots, zuzeneko solaskidetza, xedetzat duena forudunei eta haien lanari buruzko ikuspegi osoagoa erraztea.

 

Eztabaidarako Ikasgela ere jasotzen da hitzarmenean (22.650 euroko zenbatekoarekin); izan ere, kultura politikoari buruzko hausnarketarako gune bat izanen da, eta toki-mailako hainbat lehiaketa bilduko ditu (Unibertsitate Eztabaidako XXI. Liga, Euskarazko IX. Eztabaida Txapelketa). Era berean, estatu-mailako lehiaketetan parte hartzea aurreikusten du (Unibertsitateen G9 Taldearen Liga), Eztabaida Klubari jarraipena ematen dio (hastapen-maila eta maila aurreratua), eta finkatu egiten du modalitate horrek unibertsitateaurreko eremura izandako hedapena (Batxilergoko Eztabaidaren XIII. Txapelketa), aurten ere euskarazko hiru talde izateko aurreikuspenarekin.

 

Halaber, NUP konprometitzen da Nafarroako Parlamentuko liburutegiari bidaltzera Zuzenbidearekin, Gizarte Zientziekin eta Nafarroari berariaz lotutako beste gai batzuekin lotuta egiten dituen argitalpenak.

 

Bestalde, berrikuntza gisa, I-COMMUNITAS Ikerketa Institutuak bere gain hartuko du Iritzi Publikoko Barometroa (Navarrometroa) egitea. Barometroaren ikerketa-helburua Gazteen zaurgarritasuna izango da, eta hedapen- edo formakuntza-ekintzak planteatuko dira akademiko eta adituekin aztertutako gaietan sakontzeko. Institutuak, gainera, hiru edo lau hitzaldi antolatuko ditu eta ikasketa amaierako bi sari sustatuko ditu.

 

Hitzarmena sinatu ondoren –48.949,47 euroko gehieneko aurrekontua du– , Unai Hualdek eta Ramon Gonzalok "poza" adierazi dute, "urte askoan" iraun dezala espero duten "harreman onuragarriari jarraipena" ematen diolakoan. Era berean, “Nafarroako Parlamentua gazteriari hurbiltzeak” duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute.