Parlamentuak Nafarroaren Eguneko ospakizunei ekin die Nafarroako Konstituzio historikoari buruzko jardunaldi batekin
Hamar hitzaldien edukia argitalpen batean jasoko da, Nafarroako Gorteek XVIII. mendean bultzatutako errealitate soziopolitikoa nola sortu eta garatu zen ulertzen laguntzeko
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera gaur Nafarroako Konstituzio historikoari buruzko jardunaldiari. Parlamentuak berak antolatu du, NUPeko I-Communitas-Institute for Advances Social Research Ikerketa Institutuarekin elkarlanean.
Abenduaren 3an 2021eko Nafarroaren Eguna ospatuko da, eta horren kariaz antolatutako egitarauko jardunaldi horretan hamar akademiko eta legelari ospetsuri entzuteko aukera izanen da, “berrogei urteko parlamentarismo etengabearen ondoren gure Foruak, gure Konstituzioa, gure oinarrizko legea aldarrikatzeko premiak indarrean dirauen une historiko honetan, oraindik ere badelako horiek abolitu beharreko pribilegiotzat jotzen dituenik”, ohartarazi du lehendakariak.
Hasierako hitzaldian Unai Hualdek poza agertu du parte hartu ahal izateagatik “lehen konstituzionalismoaren sorburuari eta garapenari buruzko saio honetan. Une egokia da atzera begiratzeko eta gogora ekartzeko nola bultzatu zuten Nafarroako Konstituzio historikoa Diputazioak eta Nafarroako Gorteek, orduko legebiltzarrak. Zalantzarik gabe gaur-gaurko gaia da eta komeni da horren berri zabaltzea, eremu historikoan zein instituzionalean orain garen hori ulertzeko eta balioesteko.
Ildo horretan, hizlari guztien garrantzia nabarmendu ondoren, lehendakariak erakundearen hedapen lanean jarri du azpimarra. “Erantzukizunagatik, zer garen, zer egiten dugun eta zer izan dugun ezagutarazi behar dugu. Eginkizun horretan espero dugu NUP lankide izaten jarraitzea, baita ikerketaren arloan ere. Hurrengo lana izanen da jardunaldi batzuk prestatzea 2022an Foruen Hobekuntzaren 40. urteurrena ospatzeko. Halaxe erabaki du Osoko Bilkurak berriki, Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan”.
Testuinguru horretan, azkenik, Unai Hualdek hau iragarri du: “Gaur areto honetan kontatzen direnak hilabete batzuk barru argitalpen batean jasoko dira, eta espero dugu Nafarroako Konstituzio historikoa zer izan zen hobeki ulertzen lagunduko duela. Esker ona agertu nahi dizuet NUPi, I-Comunitas Institutuari, hizlariei eta zuen etxea den Parlamentu honetara etorri zareten parte-hartzaile guztiei”.
Juan Mª Sánchez-Prietok, I-Communitaseko zuzendariak, NUPen parte-hartzea haren eginkizun nagusietako batekin lotu du: “jakintza zabaltzea, oraingoan jakintza soziala, gizatiarra. Batzar gisako honek balioko ahal du hitzaren bidezko bizikidetza sistema indartzeko, hemen protagonismo berria hartzen baitu, gidoi politikoaren eskakizunetatik aske. Hemendik eskaini nahi den ikusmolde pluralak gure nortasuna sendotu behar du. Eskertu egiten dugu Roldán Gimenoren eta beste ikertzaile batzuen ahalegina, azken urteetan gure Konstituzio historiko nafarrari emandako bultzadarengatik”.
Bestalde, Roldán Jimenok, jardunaldien koordinatzaileak, Konstituzio historikoaren ideiaren sorrerari erreparatu dio. “Doktrina-printzipio hori indartsu ernatu zen XVIII. mendean, garai hartako Nafarroako Gorteen jarrerari esker, aldarrikatu baitzuten Nafarroak bazuela jada bere Konstituzio propioa, itunean oinarritutako Foruak, hain zuzen ere. Mende hartan etengabeak izan ziren Nafarroaren eta Administrazio zentralaren arteko tirabirak”.
Hasierako hitzen ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Garriga mintzatu da. Berak inauguratu du jardunaldia, Konstituzio historikoari buruzko eztabaida Espainiako Monarkian izenburuko hitzaldiarekin.
Goizeko saioa osatzeko, hitzaldi bana eginen dute Parisko Unibertsitateko Jean-Baptiste Busaallek (Nafarroako Konstituzio historikoaren aldarrikapena Espainiako lehen konstituzionalismoan) eta Nafarroako Unibertsitateko Mercedes Galánek (Nafarroako Konstituzio historikoa taxutzen duten elementuak foru testu juridikoetan).
Jarraian, Roldán Jimenok (NUP, I-Communitas) Kontzeptu konstituzionalen harrera Nafarroako Erresumako legerian (XVIII. mendea - 1828-1829) hitzaldia eginen du; Mikel Lizarraga (NUP, I-Communitas) Nafarroako Konstituzio historikoa eta Espainiako konstituzionalismoa: hurbilketa bat Justiziatik gaiaz arituko da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Rilova, berriz, gai honetaz mintzatuko da: Garai baten amaiera. Forupeko eta konstituziopeko lurraldeak gerran (1793-1814).
Arratsaldeko saioari ekiteko (17:00), NUPeko Amaia Álvarez mintzatuko da John Adams, Amerikako Estatu Batuetako Konstituzioa eta foruak hizpide hartuta, eta gero beste hiru hitzaldi izanen dira. Daniel Bermejok (Euskal Herriko Unibertsitatea) bere ikusmoldea azalduko du gai honetaz: Euskal Herriko erreformistak konstituzionalismoa agertu aurretik. Juan María Sánchez Prietok (NUP, I-Communitas) mintzagai hau izanen du: José Yanguas y Miranda, Espainiako konstituzionalismoaren eta Nafarroako konstituzionalismoaren artean. Juan Cruz Allik (NUP) eginen du azken hitzaldia: Tradizionalismoa Nafarroako Konstituzio historikoari begira.
Eztabaida labur baten ondotik, Iura Vasconiae Fundazioko lehendakari Gregorio Monrealek Fernando Mikelarenaren Discursos y actitudes en torno a la Constitución histórica de Navarra y a la reintegración foral (1770-1983) izeneko obra aurkeztuko du.
Parlamentuaren domina Gizarte Erakundeen Plataformarentzat
Nafarroaren Egunaren inguruan antolatutako egitarauak aurrera jarraituko du abenduaren 1ean. Egun horretan Nafarroako Parlamentuaren domina emanen diote Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformari, bera osatzen duten kolektibo eta erakunde guztien ibilbidea, pertsona kalteberenen alde egiten duten lana eta erakundeei ematen dieten laguntza eskertzeko. Ekitaldian hitza hartuko dute foru legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek eta plataformako ordezkari batek. Osoko bilkuren aretoan izanen da, 11:00etan.
Arratsaldean, berriz, 1521. Kontzertua eskainiko du Euskal Herriko Txistulari Elkarteak (atarian, 19:00etan). Ikuskizun integral bat da, non musika lanak entzun bitartean ikus-entzunezko lanak ikusten baitira pantaila handi batean.
Omenaldia funtzionario erretiratuei
Nafarroako Parlamentuak omenaldia eginen die funtzionario erretiratuei, 18:00etan, erakunde aretoan.
19:30ean, Nafarroako Musika Banden Federazioak kontzertua eskainiko du atarian, eta Vanessa Gardek Noaingo Guduaren V. Mendeurrena dela-eta egindako musika lana aurkeztuko da.
Nafarroaren Egunean, abenduaren 3an, Nafarroako armarria ageri den oihala jarriko da Parlamentuaren egoitzako fatxadan, eta gauean fatxada hori gorriz argiztatuko da.