Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Apirilak 20

Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du astearte honetan, boto eskuordetuarekin, koronabirusari aurre egiteko neurriak biltzen dituen hirugarren foru lege-dekretua baliozkotzeko

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute bihar, ostiralean burutuko den Foru Araubideko Batzordea dela-eta taldeek egindako informazio eta dokumentazio eskariak zehazteko

Nafarroako Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du astearte honetan, hilaren 21arekin (09:15), apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretua baliozkotzeko, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

 

Horrez gain, Gizarte Zerbitzu Publikoak kudeatzeko Nafarroako Gizain fundazioarentzat 409.637 euroko kreditu berezi bat ematen duen Foru Lege proiektua ere eztabaidatuko da (presako prozeduraren bidez). Gaur 12:00etan amaitu da epea, eta ez da zuzenketarik aurkeztu.

 

Biharko osoko bilkura boto eskuordetuarekin eginen den laugarrena izanen da, pasa den martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi eta lan parlamentarioak murriztu zituenetik. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Alarma egoera deklaratu zenetik, Nafarroako Parlamentuak hiru osoko bilkura egin eta bost lege onetsi ditu, horietako bi aurretik baliozkotutako Foru Lege-dekretuetan oinarritutakoak.

 

Apirilaren 8an Parlamentuko Osoko Bilkurak hiru foru lege onetsi zituen aho batez, zehazki, Covid-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartutako neurri berezi eta urgenteek ekarritako behar bereziei erantzuteko kreditu-gehigarria ematen duena, kreditu berezia ematen duen legea eta Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzen duena.

 

Aurretik, apirilaren 3an, Legebiltzarrak bi Foru Lege onetsi zituen, koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak indarrean jartzen dituzten martxoaren 18ko 1/2020 eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretuen edukia jaso eta zabaltzen dutenak. Lehena aho batez onetsi zen, eta bigarrena, berriz, EH Bilduren abstentzioarekin. Bi arauen indarraldiak egoera hau eragin duten baldintza bereziak desagertu artean iraunen du. Oinarrian dauden bi Foru Lege-dekretuak martxoaren 27an baliozkotu ziren aho batez.

 

Bilkura streaming bidez eskainiko da, eta ezin izanen da kazetaririk bertaratu. Parlamentuko Mahaiko kideak, talde parlamentarioetako eledunak eta Gobernuaren ordezkaritza batek soilik parte hartuko dute. Gainerakoek botoa eskuordetu beharko dute -epea 10:00etan amaitu da-, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin. Oraingo honetan, Geroa Bai taldearen eleduna María Solana izanen da eta EH Bildurena, berriz, Adolfo Araiz.

 

Legebiltzarreko gobernu-organoak hartutako zuhurtziazko neurri guztiek dute zerbitzu juridikoen txosten baten bermea; izan ere, murrizketa-aldian ezinbestekoak diren parlamentu-eginkizunak betetzeari buruzko txosten horretan ziurtatzen da bilkura urgente eta seguruak egiten ahal direla boto eskuordetua erabilita.

 

Gauzak horrela, eta parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzekin zertu ahal izatea errazte aldera, Mahaiak, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondotik, Lehendakariaren ebazpen bat onetsi zuen hilaren 25ean, boto-delegazioa dela-eta Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuen artean jasotze aldera, ospitaleratzeaz edo gaixotasun larriaz gain, osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak.

 

Ganberako Legelari Nagusiak egin du txosten juridikoa, Eledunen Batzarrak 2020ko martxoaren 16an hartutako akordioa betez. Lehendakariaren eskariz Mahaiak hilaren 16an hartutako eta 23an luzatutako ezohiko neurriek eragindako jarduera murrizketaren ondoren argitu beharreko gaiak zehazten ditu txostenak.

 

Osoko Bilkura amaitzean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute (Osoko Bilkuren aretoan, 12:00etan) ostiral honetarako, apirilaren 24rako aurreikusitako Foru Araubideko Batzordearen bilkura dela-eta talde parlamentarioetako eta foru parlamentarien elkarteko eledunek egindako informazio eta dokumentazio eskariak zehazteko.